"Bazkide guztiei esan diegu zentro zibikoa egingo zela, udalak hala ulertarazi zigulako"

Markel Onaindia 2018ko uzt. 9a, 11:20

Aramotzen parke berria inauguratzeko ekitaldian, gobernu taldeak esan zuen momentuz ez dela zentro zibikorik egingo auzoan, eta oraingo inbertsioak auzoko zati zaharrena errehabilitatzeko Aramotz Berritu proiektuan gauzatuko direla.

Iragarpen horren harira, ANBOTOra jo dute Herria elkartekoek. "Zentro zibikoa hiltegiko lurretan beharrean, alboko Pagasarri kaleko blokeen behealdean egitea proposatu ziguten orain lau hileko batzarrean. Elkartean berba egin eta baietza eman genuen. Baina ez genuen uste albo batera utziko zutenik", dio Jaime Intxaustik.

Herriakoek salatu dute geroztik ez dutela informaziorik eduki, eta jolas-parkerako euren eskariak ez direla bete. Orain aste bi pankartak ipini, eta gobernuko kideak minduta agertu ziren. Baina Eugenio Gorroñok bestelako iritzia du. "Lau urtean, bazkide guztiei esan diegu zentroa egingo zela, udalak hala ulertarazi zigulako. Orain zer esan behar diogu jende horri? Geu gara minduta gaudenak", esan du.

Zentro zibikoaren alde lanean jarraituko dute. "Herriako bazkideak alderdi guztietakoak dira, eta, horregatik, udalagaz lan egin behar dugu. Baina ulertu behar du auzo elkarte bat erreibindikatiboa dela", esan du Gorroñok.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!