“Saskibaloi jokalariak produktu bat gara; saldu dezakezuna aurreko urtean egindako lana da”

Joseba Derteano 2018ko uzt. 8a, 10:30

Kirol ibilbide luze batek izan ohi dituen argi-ilunak ezagutzeko gidaliburu ezin hobea da Nerea Larrazabalen (Durango, 1984) istorioa. Talde garrantzitsuetan jokatu eta igoerak ospatu ditu une gozoetan. Zenbatek dute curriculumean Lehen Mailarako igoera bat? Baina lesio delikatuei eta klubetako erabaki mingarriei ere aurre egin behar izan die momentu garratzetan.

Durangoko Tabirako taldean urte asko eman zenituen. Zelan gogoratzen duzu etapa hura?
Umetatik 25 bat urtera arte egon nintzen, bota egin  ninduten arte. Ni eta beste batzuk bota gintuzten. Ez nekiela saskibaloian jokatzen esan zidaten, ez nuela kirol honetarako balio. Hori da bertsio ofiziala. Galdakaora joan nintzen, Ibaizabal taldera. Bigarren taldean hasi eta hilabetean lehenengora igo ninduten. Hau da, Bigarren Mailan aritu nintzen, Tabirako zebilen maila baino gorago. Kuriosoa da, ezta?

Sentimendu kontrajarriak eragiten dizkizu Tabirakok?
Niretzat disgustu handia izan zen, une ikaragarri latza. Umetatik dena jokatzen nuen, nire adineko partiduak zein goragokoak, igo egiten nindutelako… asteburuak partiduz beteta nituen eta, bat-batean, kalera. Pentsatzen jarrita, azkenean fabore bat egin zidaten. Tabirakotik bota ez banindute, gerora bizi izan ditudan hamaika bizipen galduko nituen.

Bizipen horietako hainbat Galdakakotik Gernikara joan zinenean izan zenituen.
Bigarren Mailatik Lehenengo Mailara igo ginen, estatuan dagoen mailarik gorenera.

Asko jokatu zenuen?
Ez. Zoritxarrez, lotailu gurutzatua hautsi nuen denboraldi hasieran.

Kirolari batek izan dezakeen lesiorik txarrenetakoa.
Txarrena. 30 urte nituen eta ordura arte zortea izan nuen lesioekin, baina… Gernikak helburu handiak zituen urte hartan eta hara joatea pauso garrantzitsua izan zen niretzat. Ibaizabalen maila onean aritu nintzen, Euskadiko selekzioagaz  ere jokatuta nengoen… ilusionatuta nengoen. Beraz, urtea hasi eta segituan lesionatzea kolpe gogorra izan zen. Kluba oso ondo portatu zen nigaz. Asko lagundu zidaten eta ondo errekuperatu nintzen, baina ez zidaten jarraitzeko aukerarik eskaini. Urte osoa jokatu barik, taldea Lehenengo Mailan... tira, pena izan zen, baina ulertzekoa.

Durangora itzuli zinen, Tabirakora. Zergatik?
Saskibaloi jokalariak produktu bat gara. Saldu dezakezuna aurreko urtean egindako lana da. Nik zer salduko nuen? Lesio luze batetik nentorrela? Gehiago mugitu banintz, beharbada aurkituko nuen zerbait, baina belauna zelan neukan ondo probatu barik… Tabirakora itzuli nintzen zuzendaritza desberdina zegoelako, Durango nire etxea delako eta lagunak han jokatzen zebiltzalako. Gainera, belauna probatu gura nuen eta banekien minutuak izango nituena. Arrazoi horiengatik itzuli nintzen, ez klubarekiko lotura berezia sentitzen nuelako. Urtebete eman nuen han.

Zelan amaitu duzu Madrilen?
Tabirakoren ostean, Segoviako talde batek fitxatu ninduen.  Tabirakoren maila berean zebilen, baina saskibaloitik bizitzeko edo, gutxienez, bizirauteko aukera eskaintzen zidan. Horregatik joan nintzen, gustatzen zitzaidanetik bizitzeko aukera nuelako. Azken urtean lotailu gurutzatua hautsi nuen, igoera fasean. Horrelako lesio seriotik sei hilabetean errekuperatzea ez zitzaien nahikoa iruditu eta bota egin ninduten. Ingeniaria naiz eta lan kontuengatik etorri nintzen Madrilera. Orain talde bila nabil.

Belaun berean izan zenuen lesioa?
Ez, bestean. Beste une gogor bat. Lehenengo lesioa izan nuenean neure buruari esan nion sasoia heltzean neuk utziko nuela saskibaloia eta ez ninduela saskibaloiak ni utziko. Bigarren lesioan pentsamendu berari heldu nion eta egoerari buelta ematea lortu nuen. Alderdi mentala funtsezkoa da.

Segovian saskibaloitik bizitzeko aukera izan zenuen. Emakumeen kirola balioetsiago dago han?
Ez. Gizonen kirola eta, batez ere, futbola eta areto futbola sustatzen dira. Emakume batek kirol lorpenak izatea ez dago baloratuta han. Nik Segoviakoa bizi izan nuen, baina arazo orokorra dela uste dut. Kontua da jende batek saskibaloi taldearen aldeko apustu sendoa egin zuela. Baina igoeraren bat eskuratzen denean eta pauso handi bat eman gura denean konturatzen zara gutxi batzuen lana eta sostengua baino gehiago behar dela.

34 urte dituzu. Bizitzako une honetan, zer bilatzen duzu talde batean?
Urteak denontzat pasatzen dira. Barruan badugu zerbait ahalik eta mailarik altuenean jokatzea eskatzen diguna. Gainera, Madrilen Bigarren Mailako talde dezente daude, maila horretan asko gozatu dut eta gustatuko litzaidake errepikatzea. Baina, aldi berean, ez ditut 25 urte eta gorputzak gustatzen zaidan kirolagaz gozatzea eskatzen dit. Ea zer aukera sortzen diren.  

Saskibaloi jokalari izateari uzten diozunean, kirol honi lotuta jarraitzea gustatuko litzaizuke?  
Segovian gaztetxoak entrenatu nituen eta asko gustatu zitzaidan. Campus batean ere jarduten dut. Gustatuko litzaidake saskibaloiari lotuta jarraitzea, entrenatzaile moduan ez bada beste moduren batean. Hainbeste gustatzen zait mundu hau!

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!