“62 urte daramatzat atletismoan eta oraindik ez dut erretiratzeko asmorik”

Maialen Zuazubiskar 2018ko uzt. 7a, 10:30

Durangaldea Running taldeko Jose Luis Romerok aurkaririk barik jarraitzen du abiadura probetan. Gasteizen lehiatu den master mailako Espainiako atletismo txapelketan urrezko hiru domina eskuratu ditu.

Zelan joan zen txapelketa?
Zapatu goizean 400 metroko lasterketa izan nuen. Proba honetan errenta dezentea atera nion bigarrenari. Arratsaldean 100 metroko proba izan nuen eta goizekoagaz alderatuta lasterketa borrokatua izan zen. Baita domekako 200 metroko lasterketa ere.

Nola zeunden fisikoki?
Nire sasoirik onenean ez nagoen arren, gustura gelditu nintzen. Denboraldi hasierako asmoa irailean sasoi betean egotea zen, orduan Munduko Txapelketa jokatzen delako. Han egotea zen nire helburua.  

Beraz, Malagan jokatuko den Munduko Txapelketan izango zara.
Hala da. Orain deskantsu txiki bat hartuko dut eta, ostean, gogor lan egiten hasiko naiz Malagara %100ean iristeko. Nire asmoa finaletara sailkatzea izango baita.

72 urte eta dominak lortzen jarraitzen duzu. Erretiroa burutik pasatu ere ez zaizu egingo, ezta?
62 urte daramatzat atletismoan eta oraindik ez dut erretiratzeko asmorik. Badakit urte onak eta txarrak ditudala aurretik, orain arte bezala. Baina, guk esaten dugun lez, irteera lerroan egoteak ondo eta osasuntsu jarraitzen dugula esan gura du.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!