“Irudiaren askotariko diskurtsoak kontuan hartuz gero, kontatzeko estrategia gehiago edukiko ditu kontalariak”

Aritz Maldonado 2018ko uzt. 3a, 08:50

Miriam Peña Zabala durangarrak 'Non Dago Txirlo?' album ilustratua kaleratu du Eneritz Sanchezegaz, Irene Fernandezegaz eta Eider Eibarregaz batera.

Nola sortu zen proiektua?
Hezkuntza Fakultatean egiten dut lan. 2015. urtean ipuinei buruzko ikasgai bat eduki nuen; ipuinak euren edukiaz haratago aztertzea zen ikasgaiaren funtsa. Sinesten dut formatuak, tipografiak, euskarriak eta horrelakoek balio erantsia ematen diotela irakurketari. Istorioa eta elementu horiek guztiak nola uztartzen diren ulertu egin behar da. Gure planteamenduan ere igartzen da aldaketa hau. Kasu honetan, ez da izan idazle batek ilustratzaile bati ematen dion lana, baizik eta irudien eta testuen bitartez eraikitzen joan den prozesu bat. Hain zuzen ere, ikasgaiaren helburu nagusia irakasle izango direnei hori transmititzea zela esango nuke. Ikasturte amaieran, ikasturtean zehar landutako kontzeptuekin ipuin bat egin behar zuten ikasleek. Orduan, Eneritz Sanchezek eta Irene Fernandezek bolo baten istorio labur bat planteatu zuten; ipuin jolas bat zen, umeak jolasteko planteatu zutena. Apur bat gehiago landuz gero, argitaratzeko moduko zerbait izan zitekeela pentsatu nuen. Durangoko Azokan editore bila hasi nintzen, Landako Gunean bertan. Denon Artean argitaletxea asko baloratzen dut, Munstro Arrosa eta Elena Odriozolaren liburuak bertan kaleratu dituzte, mimo handiz egiten dute lan, eta uste nuen agian ulertuko nindutela. Editorea azokan bertan zegoen, eta horrek ere asko esan gura du, nire ustez. Berbaz azaldu nion istorioa, eta emailez bidaltzeko eskatu zidan. Ideia asko gustatu zitzaion, eta hobekuntza batzuk eginez gero, egin zitekeela esan zidan. Eta lanean hasi ginen: hamar orriko istoriatxo bat zen hasieran, eta 36 orriko bat izatera igaro zen. Koloreak sartu genituen.
Eider Eibar azken txanpan sartu zen, eta, kasu honetan, berarentzat ere erronka berezia zen, izan ere,  normalean ilustrazioak egiteko eskatzen dioten arren, oraingoan eginda nituen zirriborroak. Hala ere, ekarpen handia egin dio 'Non Dago Txirlo?'-ri.

Eta istorioan, zer gertatzen da?
Prozesu honen hasieran, konturatu ginen orokorrean gauza batzuk ez direla ulertzen bere baitan, fede kontu bategatik sinesten ditugula. Ipuina amaitzen denean, gertatu den ala ez planteatzen da, ez genuelako gura zerbait oso estereotipatua edo literala izatea. Hori, kontzeptualki. Formalki, baina, kolorearen garapenari eman gura izan diogu garrantzia, adibidez. Hasieran, azala zuri-beltzekoa izatea gura genuen, espoilerrik ez egoteko. Irakurketan, trantsizio guztiz koherentea izatea gura genuen.

Ez da lehenbiziko elkarlana izan Eider Eibarregaz. Elkarlan prozesuak boladan daude?
2010 inguruan ezagutu nuen Eider, eta, besteak beste, UEUko hainbat ikastarotan egon gara elkarregaz harrezkero.
Unai Pascual editoreagaz berbetan, kontatu zidan ilustratzailearen izena idatzi ere ez zela egiten lehen. Literaturaren egoera horrelakoa izan da orain hamarkada bi ingurura arte. Orain, ostera, ilustratzaile horiek bere lekua dute. Are gehiago, lan batzuetan irudiek hitzek baino pisu gehiago dute orain. Gure kasuan ere, hitzei garrantzia kendu barik, irudiak eramaten zaitu leku batetik bestera. Biraketa bat egon da, nire ustez: ilustratzailea dagokion lekuan jarri da, eta beste aldetik ere umiltasun pixka bat agertu da.

Aldatzen ari dira istorioak kontatzeko moduak?
Alde batetik, ematen ari den digitalizazio prozesuan ipuinek bizirik irauteko egin dela horrela esango nuke. Album ilustratuek, manipulazio hori behar dutenez, euskarrian jarri da arreta, eta indarra hartu dute horrela. 'Non Dago Txirlo?'-ren kasuan, adibidez, duen forma du bolo baten forma izan behar zuelako. Formatuak ere irudi gisa funtzionatzen du, eta, beraz, kontalari edo irakurleak irudiaren askotariko diskurtsoak kontuan hartzen baditu, estrategia gehiago edukiko ditu zerbait kontatzeko. Irakurlearen kasuan, kontu bakarrean zentratuz gero, beste informazio batzuk ez dira kontuan hartzen. Lengoaiak oso aberatsak dira. Irakurtzea zer da, testua deskodifikatzea soilik? Ala irudia eta gorputza deskodifikatzea ere bai? Logikoa den bezala, zenbat eta kode gehiago gureganatu, kontakizuna gero eta aberatsagoa izango da. Paradoxikoki, hori ez da lantzen, baina.

Badaukazu beste proiekturik esku artean?
Lehenik eta behin, tesia amaitu behar dut. Irenegaz eta Eneritzegaz liburuaren aurkezpenak lantzen ari naiz orain. Gure asmoa ikusleak pasiboak ez izatea da. Eta gero, atseden hartzeko denbora hartzea ere gura dut.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!