Soin Hezkuntzako Euskal Erakundean ikasten dabiltza jokalari biak eta joan zen domekan, partidu egunean, azterketak zituzten. Data aldatzea erabaki zuten, azterketarik inportanteena Tabiran zutelako."Ehunetik ehuneko konpromisoa izan du talde osoak", adierazi du Praderak. Durangoko Kulturalak 2-0 irabazi zion San Fernandori eta kluba sortu zeneko mendeurrena Bigarren B Mailan jokatuko du.
Partidu amaieran sentitu zenutena berbaz adierazteko kapaz bazarete?
Andoni Errasti: Horrelako zerbait bizi dudan lehen aldia da. Ezin daiteke berba bategaz adierazi partidu amaierako sentimendua. Poztasuna, ilusioa… sentimendu asko batera. Merezi dugun lorpena izan dela uste dut.
Mikel Pradera: Ilusioa eta poza. Denboraldi luzearen ostean, orain gozatzea dagokigu.
Mikel, zurea izan da partiduko lehenengo gola. Hori hor geratuko da betiko.
M.K.: Egia esanda, ez zen izan nire partidurik onena, belauna ere nahiko txarto nuelako [astelehen honetan ebakuntza egin diote meniskoan]. Gola inportantea izan zen, taldeari lasaitasun puntu bat emateko balio izan zuelako. Alde horretatik, oso pozik nago.
Andoni, partiduko azken txanpan zeu izan zinen protagonista. Penalti bat egin eta jaurtiketa geratu egin zenuen.
A.E.: Akatsa penaltiaren aurretik egon zen. Baloia urruntzen saiatu eta labur geratu zitzaidan. Aurkariak baloia paparragaz kontrolatu eta oztopo egin nion eskua jarrita. Penaltia zen. Ondoren, argi nuen jokaldia burutik kendu eta jaurtiketan kontzentratu behar nuela.
Jaurtiketa ona izan zen, behetik eta gogor.
A.E.: Egia esanda, euren penalti jaurtiketak nahiko aztertuta izan ditugu. Bagenekien normalean behera botatzen zituela. Hala ere, ez zuen abiada betiko moduan hartu eta azken unera arte itxarotea erabaki nuen.
Zelakoa izan zen aurreko astea? Jendeak sarritan geratu zaituzte kaletik?
M.P.: Kostatu zaigu, bai, apur bat eskapatzea. Baina partiduak lehentasun osoa izan zuen guretzat. Andoni eta biok Soin Hezkuntzako ikasketak egiten gabiltza eta asteburu horretan azterketak genituen. Zapatuan Gasteizera joan ginen azterketak egitera eta domekan, partidu egunean, beste bi genituen. Ez ginen joan eta azterketa egunak aldatu genituen. Burua partiduan izan dugu. Ehunetik ehuneko konpromisoa izan du talde osoak.
Conquenseren kontrako lehen kanporaketa galduta, igoera fasea asko luzatu da. Hilabete gehiago iraun du. Tentsio handia zeneukaten barruan pilatuta?
M.P.: Cuencan lehen kanporaketa galdu genuenean burumakur geratu ginen, baina entrenatzaileak [Igor Nuñez] gogoratu zigun bigarren aukera bat geneukala eta aukera hori geuk irabazi genuela, ligako txapeldun geratuta. Domekan berdina errepikatu zigun.
Zein izan da igoera lortzeko sekretua?
A.E.: Talde lana da gu identifikatzen gaituen ezaugarri nagusia. Partiduz partidu joan gara. Ligak aurrera egiten zuen heinean, bolada onari eusten geniola ikusten genuen eta lehenengo geratzeko borrokatu gara.
Zaleek taldeagaz berriro bat egitea izan da zuzendaritzaren azken urteetako helburua. Hori lortu dela uste duzue?
A.E.: Igoera lortzeko beste faktore bat zaleen laguntza izan da, dudarik barik. Hiru kanporaketetan zaleen partetik jaso dugun erantzuna txapela kentzeko modukoa izan da.
M.P.: Denboraldian zehar ere lagundu digute. Beste urte batzuetan baino sarrera hobeak egon direla uste dut. Batez ere partidu inportanteetan jende dezente etorri da.
Datorren denboraldian Durangoko Kulturalean jarraituko duzue?
M.P.: Entrenatzaileak gura badu, nire asmoa hemen jarraitzea da.
A.E.: Baita neurea ere. Entrenatzaileak aintzat hartzen banau, jarraitzeko asmoa dut. Igotzeak eman duen poztasuna hor dago.
M.P.: Egindako urteagaz erakutsi dugu Bigarren B Mailan jokatu dezakegula. Lehiakorrak garela erakutsi dugu. Ez dut uste entrenatzaileak taldea askorik ukituko duenik hurrengo denboraldirako.