June Arbeo: "Orain gutxi Munduko Txapelketan egon nintekeela esan balidate, ez nuen sinetsiko"

Maialen Zuazubiskar 2018ko eka. 28a, 12:15

Durangaldea Running taldeko June Arbeok Munduko Txapelketan parte hartuko du uztailean. Gainera, 3.000 metroko oztopodun proban ezarrita zegoen Euskadiko marka hautsi zuen maiatzean, eta joan zen asteburuan Espainiako txapeldun gelditu zen proba berean.

 

Munduko Txapelketara joatea lorpen handia da. Pozik zaude? Espero zenuen?
Orain gutxi Munduko Txapelketan egon nintekeela esan balidate, ez nuen sinetsiko. Niretzat bertan egotea amets bat betetzea izango da. Elkarrizketa hau aprobetxatu gura nuke David Garcia entrenatzaileari eskerrak emateko. Beragaz astiro-astiro eta gogor lan egin dudalako lortu baitut hau guztia. Domina hauek berari esker dira.

Ze helburu izango dituzu?
Badakit izugarrizko maila egongo dela eta nire helburu nagusia nire mailarik onena ematea eta neu gustura geratzea izango dira. Horrez gain, Munduko Txapelketan disfrutatzea eta esperientzia bizitzea ere izango ditut helburu.

Zelan joan zen Espainiako Txapelketa?
Txapelketa oso ondo joan zen. Sasoi betean iritsi nintzenez eta lehenengo postua lortzeko borrokatu gura nuenez, hasieran aurrean ez irtetea erabaki nuen. Hala ere, lasterketa nahiko arin irten zen. Azken lau itzulietan aurrera egitea erabaki nuen eta bakarrik helmugaratu nintzen.

Maiatzean Espainiako txapelketa zenuela helburu esan zenion ANBOTOri. Beraz, pozik egongo zara lortutakoagaz.
Oso pozik nago asteburuan lortu dudanagaz. Espainiako Txapelketa hau urteko helburu nagusia zen eta irabaztea lortu dut.

Hala ere, maiatzean 3.000 metroko oztopodun proban ezarri zenuen marka haustea ez zenuen lortu. 
Bietako bat aukeratu behar nuen: edo marka haustera joan edo urrearengatik borrokatu. Marka hautsi gura banuen, hasieratik lasterketa buruan jarri beharko nintzen eta lasterketa luzea egin ahal zitzaidan. 

 

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!