Ander Erzillaren Ekuru proiektuak emango dio hasiera Uda Giro programari Durangon

Aritz Maldonado 2018ko eka. 26a, 12:15

Ander Erzillak gidatzen duen Ekuru proiektuak zabalduko du aurten Jazzeruena zikloa. Eguaztenean eskainiko dute kontzertua, ekainak 27. Ekuruk poesia musikatua du abiapuntu.

Aspaldi idatzitako testuak erreskatatu ditu horretarako durangarrak, ostean musika jartzeko. "Jazzean ohikoa den bezala, musikarien artean elkarrizketak ere egongo dira, noski", azaldu du Erzillak berak. Uda garairako beste hiru kontzertu ere lotuta dituztela aurreratu du musikariak. Erzillaz gainera, Mikel Nuñezek, Irati Bilbaok, Javier Fernandez de Jauregi 'Txubio'-k eta Iñaki Jaiok osatzen dute Ekuru. "Bost musikaritik lau durangarrak gara, eta hiru belaunaldi elkartu gara; Durangon musikaren gurpilak biraka jarraitzen duela adierazten du horrek", gaineratu du Erzillak. Blue Belus aurkeztuko du boskoteak.

Uda Kalean Bizi eta Jazzeruena egitasmoen baturatik sortu da Uda Giro programa. Iaz egin zen jazz kontzertu zikloa lehenbizikoz, eta izandako harreragaz pozik geratu ostean, aurten errepikatzea pentsatu zuten antolatzaileek. "Udan Durangon geratzen direnek ere eskaintza bat edukitzea merezi dutela uste dugu", azaldu zuen Platerueneko Ihintza Orbegozok aurkezpenean. Uztailaren 4an, Ander Garciak euskal folklorean oinarrituriko jazz piezak eskainiko ditu. Proposamen modernoagoa dute Buffalo zarauztarrek. Hain zuzen ere, jazza eta rocka uztartzen dituzte, post ukituagaz; uztailaren 11n izango da hirukotearen kontzertua. Euskal Herrian funkaren erreferentziazkoa den The Cherry Boppersek itxiko du kontzertuen zikloa, uztailaren 18an.

MAX saria Durangon
Urteetako ibilbidea izan du Uda Kalean Bizik. Ordutik, artista ugarik parte hartu dute udako egitasmoan. Aurten ere, ohi bezala, kalitate handiko obrak ikusi ahalko dira Durangoko kaleetan. Markeliñek familia osoarentzat den Chef Nature antzezlana eskainiko du, uztailaren 6an. Bestalde, publikoa mugiarazi gura duen dantza ikuskizun sorta eskainiko dute, uztailaren 14an, Ezkurdi osoan zehar. Hiru obra ikusi ahalko dira, 19:00etan hasita. Doos kolektiboaren El Fin de las Cosas, Kukai & Brodasen Topa eta Ertza dantza taldearen Meeting Point. Azken honek MAX sari entzutetsuen kale ikuskizun saileko saria irabazi du. "Euskal antzerkigintzaren mailaren erakusle da programa hau", adierazi du Arantza Arrazola San Agustineko teknikariak. Trapu Zaharra konpainiak itxiko du Uda Giro, Sefini ikuskizunagaz. Beste nobedade bat kale zinema izango da. Ekainaren 30ean, Eneko Sagardoy protagonista duen Handia eskainiko dute Benita Uribarrena parkean. Euria eginez gero, ekitaldiak Plateruenean, Andra Mariko elizpean edo San Agustinen egingo lirateke.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!