100.000 euroko kostua eduki du proiektuak. Pilar Rios alkateordeak azaldu du genero ikuspegia kontuan izan dutela, adibidez lurrean margotuta dauden jolasetan. Gainera, hiltegia kenduta puntu beltz bat desagertu dela azpimarratu du, emakumeen partaidetzagaz landu zen Hiri Debekatuaren Mapan zehaztu zen bezala.
Partaidetzari lotuta, Aitziber Irigoras alkateak esan du Herria auzo elkarteagaz edukitako hartuemanen ondorio dela parke berria. Hain justu, elkarteak erreklamazioak egin ditu azken egunetan. "Non dago gure umeen jolasparkea?" eta "Zentro zibikoa noizko?" aldarrikapenak zituzten pankartak eskegi dituzte auzoan. Irigorasek dio ez dutela ulertzen polemika. "Gaur egun ezinezkoa da zentro zibikoa eraikitzea. Baina plan orokorraren barruan dago aukera hori eta horren informazioa badute elkarteak eta auzotarrek". Balier haserre agertu da elkartearen jarreragaz. "Ez dugu inoiz esan zentro zibikoa egingo ez denik". Uneotan auzoa urbanistikoki eraberritzeko Berritu Aramotz izeneko proiektua onartzekotan dago udala, eta inbertsioak horretan egingo direla diote. "Elkartekoek badakite zein puntutan gauden. Badakite zenbat milioi suposatuko duen Berritu Aramotzek", azaldu du Balierrek.