Kale garbiketarako eta hondakinen bilketarako kontratua berritzea onartu zuen udalak maiatzeko osoko bilkuran, eta hile batzuk barru martxan egongo diren nobedadeen berri eman du gaur. Aipagarria da periferietako auzoak astean bi egun gehiagotan garbituko dituztela, herriko garbiketa mailen mapa aldatu baitute. Gainera, eskolen eta erreken garbiketa indartuko da, eta arratsaldeko zerbitzua ere egongo da kaleetan.
Hondakinen bilketari dagokionez, organikoaren zerbitzua izango da nobedade nagusia, birziklapenean eragingo duena. Aitor Larruzea teknikariaren arabera, uneotan %42ko birziklapen tasa dutela kalkulatu dute, eta organikoagaz handitzea espero dute. 2020an %60ra heltzea dute helburu. Horrez aparte, datozen urtetan 500 kontainer berriztea aurreikusi dute, lurpekoak diren 42ak ere tartean.
Aitziber Irigoras alkateak organikoaren bilketan parte hartzera animatu ditu herritarrak. Pilar Rios alkateordeak, bestalde, nabarmendu du kontratu berrirako proiektua 3.200 etxetan egindako inkesta parte-hartzaile baten ondorioz garatu dela.