"Arkitektuaren egoa premien aurretik jartzea da egin daitekeen okerrik handiena"

Aitziber Basauri 2018ko eka. 24a, 10:20

Egindako lana aitortzeak, eta, gainera, sektorekoen eskutik, satisfazioa eman die Landia anaiei. Lan bakoitza aukera bat dela eta aurretik bide luzea dutela argi dute. Besteak beste, Valentziako Lurraldeko Arkitektoen Elkargoa berrizteko lehiaketa irabazi zuten 2016an, beste lankide bigaz batera, eta, 2015ean, Donostiako Sarasola zubia aldatzeko lehiaketako 2. saria lortu zuten.

Arkitektoen familia batean sortu zarete. Zuen aitak Gerediaga ingurua diseinatu zuenean eztabaida piztu zen. Hasiberriak zarete, baina uste baino eztabaida gehiago sortzen du arkitekto baten lanak?
Edu: Zerbait berezia edo landua egitean, zaila da denei gustatzea. Orokorrean, berria denari beldurra zaio. Guk bidea dugu egiteko, oraindik ez dugu eztabaidarik eragin.
Eloi: Euskal Herrian ezjakintasuna handia da arkitekturari dagokionez. Ez dira baloratzen lan baten atzean dauden kontzeptuak, lortu gura dena. Gerediagakoa polemikoa izan zen, baina sortutako espazioa baloratu da gero, inguruari emandako bizia. Badaude dogma batzuk.  “Horrek ez du ondo ematen” entzuteak ematen du ernegurik gehien. XXI. mendeko arkitektura XVIII.ekoaren berdina izan behar da?

Trenbidea lurperatuta, nola ikusten duzue Durangok izan duen eraldaketa?
Eloi: Trenbideko lurrak berrantolatzeko plan berezia beste garai batekoa da, higiezinen burbuilaren garaikoa. Ez dakit orduan, baina gaur egun ez du inongo zentzurik star systemeko bost arkitektok diseinatutako 18 pisuko bost dorre eraikitzea, ia 2.000 etxe huts daudenean eta pertsonako eremu berdearen gutxieneko azalera betetzen ez denean. Gainera, geltoki berriaren kontzeptua ikusita, trenbideak sortutako muga kendu da, baina Askatasun Etorbidetik datozen kaleen jarraitasuna apurtu da.

Zer proposatuko zenukete?
Eloi: Durango zatituz trenbideak sortutako muga apurtzeko, —muga psikologikoa ere badena— alde biak josiko dituen plangintza bat: berdegune handi bat, hiriko bizkarrezurra izango den bidegorri sarea… Beti ere, durangarrei galdetuta. Baina hirigintza etekin ekonomikoen menpe jartzen denean...
Edu: Herrian planteamendu orokor batean txertatu beharko litzateke ingurua, premiei erantzunez. Luzera begirako plangintzak behar dira, ez koiuntura ekonomikoaren menpeko hamar urteko planak.

Ze arkitektura lan gustatzen zaizue?
Edu: Smiljam Radicen (Txile) lana.
Eloi: Peter Zumthor (Suitza) dugu erreferente askotan, eta Japoniako  arkitektura modernizatu duten hainbat arkitekto. Arantzazuko eliza gustatzen zait asko. Euskal arte eta arkitektura garaikidearen manifestua iruditzen zait. Polemikoa izan zen, euskal arkitekturaren berrinterpretazio bat egin zelako, inguru delikatuan; Vatikanoak ere betoa jarri zion Oteizaren apostuluen obrari. Euskal Herriko arkitekturaren bidea horixe izan behar da.

Zein da egiten den okerrik handiena?
Edu: Arkitektuaren egoa premien aurretik jartzea, edo alde ekonomikoa kalitatearen aurretik. Arkitektura lan bat ondo pentsatu behar da, eragina izango du-eta jendearengan. Gehiago hiri-diseinuetan.
Eloi: Bezeroa konposizioan, kontzeptuetan sartzen denean ere arazoak sortzen dira.

Atzerrian ibili zarete. Hango ukitua duzue?
Edu: Ikasketak Bartzelonan amaitu nituen. Kulturaren zati garrantzitsua da arkitektura han; diseinu eta tradizio arkitektonikoari dagokionez, oso urruti gaude. Txilera lan aukeren bila joan nintzen. Estudio gazte batean egon nintzen. Asko eragin zidan.
Eloi: Erroman arkitektura bizitzen eta baloratzen ikasi nuen. Orain 2.000 urtetik hona, arkitektura aldi guztiak ikusi daitezke, arkitekturak denboran nola iraun duen.

Zer diseinatuko zenukete?
Edu: Ez nuke jakingo esaten.
Eloi: Neure etxea. Ez da egongo norbera baino bezero hoberik edo txarragorik. Frank Gerhyren obrarik garrantzitsuena ez da Guggenheima, bere etxea baino.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!