"Hasieran ez genekien zer aurkituko genuen.Baina, partidua erritmo onagaz hasi, Gaizkak lehen puntuak eskuratu, eta aurrera egin genuen", adierazi du Aritz Iraeta (Berriz, 1991) DRTko jokalariak.
Durangarrek orain hilabete bi inguru amaitu zuten denboraldia, baina promozioa jokatu eta gogor lan egiten ibili dira Ohorezko B Mailan gelditzeko. Gaizka Iturriagaetxebarriaren (Abadiño, 1993) hitzetan, "hilabete intentsoak izan dira, askok ikasi edo lan egiten dute eta entrenamendu guztietan denok batzea oso zaila izan da".
Hala ere, denboraldi guztian egindako lanak eta azken hilabete hauetako sakrifizioak merezitako saria itzuliko diete DRTko jokalariei. Oker handirik ezean, datorren denboraldian Ohorezko B Mailan jokatuko dutela ospatu ahal izango dute jokalariek domekan, etxean, euren zaleen aurrean. "Aurkariek gure errespetu guztia merezi dute, eta, beraz, domekako partidua amaitu arte ezin izango dugu ezer ospatu", esan du Iraetak. Bestalde, Asturiasen jokatu zuten intentsitate berdinagaz jokatuko dutela aitortu dute.
Jokalari biak bereziki motibatuta daude etxean promozioko azken partidua jokatuko dutelako. "Etxean harmailak beteta ikusteak izugarrizko indarra ematen dio taldeari. Zarata hori itzelean eskertzen dugu", esan du Iraetak. Horregatik, eta zaleek merezi dutelako, %100 emango dutela baieztatu du abadiñarrak. "Zaleek disfrutatzea ere bada gure helburua. Horregatik, partiduaren ostean gugaz ospatzera etortzeko gonbidatzen ditugu Arripausuetara datozenak", amaitu du Iturriagaetxebarriak.