12:00etan hasiko da San Fernando taldearen kontrako partidua, domekan. Joanekoan 0-1 irabazita, zer itxura hartzen diozu itzulikoari?
Emaitza ona da, baina ez behin betikoa. Kontuz! Conquense eta Alcala San Fernando baino talde hobetxoak direla esango nuke, baina haiek ere badakite futbolean. Aurrelari on bi dituzte eta geldikako jokaldietan arriskutsuak dira. Alboko sakeetan baloia areara sartzeko ahalmena duen jokalari bat dute.
Giro ona biziko da.
Seguru. Zuzendaritzan nabilen 40 urteetan, inoiz ez dut ikusi oraingoaren moduko giroa. Iaz ere promozio partiduetan giro ona egon zen Tabiran eta aurtengoa itzela da. Asko gazteak dira, gainera. Domekan, 11:00etan, txaranga bat ibiliko da kaleetan eta Tabirara joango dira.
Urduri zaude?
Egonezinagaz nago. 81 urte ditut eta zenbat eta zaharrago, orduan eta gehiago sufritzen dut. Astea lasai eman dut. Kanaria Handitik euforiko itzuli nintzen eta egun gozoak izan dira. Baina gaurtik aurrera buruari bueltak ematen hasiko naiz, seguru. "Eutsiko al diogu emaitzari?" edo "lortuko ote dugu igotzea?", horrelako burutazioak izango ditut. Eta partiduan bertan, zer esanik ez! Joan zen astean, markagailuan aurretik joanda ere, harmailetatik joatekotan egon nintzen, nerbioak dantzan. "Eutsiko ote diot eserita?", pentsatzen nuen.
Kulturalaren igoerak zuzendaritza bitan bizi izan dituzu zuk. Zelan gogoratzen dituzu?
Arriandin Lagun Ona izeneko soziedadearen bueltan futbol taldea sortu genuen. Orduan, Kulturalak une txarra bizi izan zuen eta erregional mailan zebilen. Lagun Onan genbiltzan batzuk sartu ginen zuzendaritzan: Santi Ibarra presidente moduan, ni neu… Taldea hartu eta urte berean igo egin genuen. Jokalari onak etorri ziren: Rafa Iraurgi, Fernan Bilbao, Txema Lasa… Handik urte bira Hirugarren Mailako liga txapelketa irabazi genuen, baina ezin izan ginen igo. Figueres taldeak kanporatu gintuen. Handik urte gutxira neu jarri nintzen presidente, 1985-86 inguruan. Hurrengo urtean liga txapelketa irabazi genuen. Mailen berregituraketa bategatik aurreneko hirurak igo zitezkeen: Baskonia, Lemoa eta gu. Beste biak ez ziren igotzearen aldekoak, gastu asko eragingo zituela eta. "Ba, gu bagoaz, saiatzeko prest gaude", esan nien. Igo egin ginen eta hurrengo urtean goiko postuan amaitu genuen, seigarren uste dut. Bost urte eman genituen Bigarren B Mailan. Etapa hartako hiru urtetan egon nintzen presidente. Beste etapa batean sei urte egin nituen. Bederatzi urte guztira.
2005-2006an Kulturala berriro igo zen Bigarren B Mailara.
Mailaz igotzeko, kanporaketa bi gainditu behar ziren. Lehenengoa Nafarroako Eguesi irabazi genion. Bigarrena Zaragoza C-ren kontra jokatu behar genuen, baina euren B taldea jaitsi egin zenez, jokatu barik igo ginen. Zoritxarrez, handik urtebetera jaitsi egin ginen berriro.
Kulturaleko talde asko ezagutu dituzu. Zein da zuk ezagutu duzun hamaikakorik onena?
Talde on asko ezagutu ditut. Iraurgi, Lasa eta Bilbao zeuden hura oso ona zen. Futbolari itzelak ziren. Aurrerago, Juan Carlos Gomez de Segura eta Juan Carlos De Diego izan zituen taldea ere gogoratzeko modukoa da. Etapa hartan gol asko sartzen genituen. Aurtengo taldeak ere zelako denboraldia egin duen! Itzela! Talde batua dira. Oso motibatuta eta kontzientziatuta daude.
Zuzendaritzan zaudenetik, Kulturalaren zenbat partidu ez zenituen zuzenean ikusiko? Etxekoak eta kanpokoak kontuan hartuta.
Hamabost bat? Gehiago ez ziren izango. Kulturala klub berezia da niretzat.
Gaztetan atezaina izan zinen. Zein taldetan jokatu zenuen?
Amorebietan hasi eta Kulturalera joan nintzen gazte mailan. Gero Amorebietara bueltatu nintzen eta handik berriro Kulturalera! Ostean, urtebete Baskonian eman nuen, Bigarren Mailan. Etxebarria atezainaren ordezkoa izan nintzen. Gerora Athleticera helduko zen Etxebarria. Hura izan zen nire azken urtea. Gazterik utzi nuen futbola, 25 urtegaz, lanagatik.
Futbola asko aldatu da?
Bai. Gaur egungo futbola, pase horizontalena… ezin naiz horretara ohitu. Sarritan gure jokalariek ere egiten dute. Nik gurago dut joko hau: erregate on bat eta pasea aurrera, hegaletik erdiraketa eta errematea. Gurago dut sasoi bateko jokatzeko modua.