Durangoko kultur guneetako programazioa kalera ateratzeko asmoz, zortzi emanaldi eskainiko dira Uda Giroren baitan; alde batetik, kontzertuak eskainiko dira Platerueneko terrazan, iaz abiatu zen Jazzeruenan bezala. Ander Erzillak gidatzen duen Ekuruk irekiko du kontzertuen zikloa, ekainaren 27an. Blue Belus lana aurkeztuko dute bertan. Ekimen honetarako, Mikel Nuñez, Irati Bilbao, Javier Fernandez de Jauregi 'Txubio' eta Iñaki Jaioren laguntza eduki du Erzillak. Ander Garcia, Buffalo eta The Cherry Boppers taldeek ere eskainiko dituzte kontzertuak uztailaren 18an.
Antzerkiari dagokienean, kaleko bost ikuskizun egongo dira. Uztailaren 6ean Markeliñek 'Chef Nature' ikuskizuna eskainiko du. Uztailaren 14ean, ostera, ikuskizun ibiltaria eskainiko dute Doos kolektiboak, Kukai & Brodas eta Ertza dantza taldeek: Ezkurdin Meeting Point, El Fin de las Cosas eta Topa ikusi ahalko dira. Hain zuzen ere, Meeting Point obragatik MAX saria jaso du Ertzak. "Euskal antzerkigintzaren mailaren erakuslea da Ertzak jaso duen MAX saria. Oraindik nahikoa izan ez arren, jasotzen diren laguntzek beren fruitua ematen dutela erakusten du honek" adierazi du Arantza Arrazola San Agustin kulturguneko teknikariak aurkezpenean. Bestalde, berriki KALDeArte saria jaso duen Trapu Zaharrak konpainiaren Sefini obrak itxiko du Uda Giro 2018. Aurtengo beste nobedade nagusia, udako zinema izango da. Benita Uribarrena parkean Handia filma eskainiko da.
Eguraldi txarra eginez gero, kontzertuak Plateruena barruan izango dira. Antzerkien kasuan, Andra Mariako elizpean edota San Agustin kulturgunean izango dira emanaldiak.