Durangoko Udalak Mikeldi eta Juan Olazaran kaleen artean 26 autorentzako aparkaleku libre bat eraiki gura duela jakin dute inguruetako bizilagunak, eta horren aurka mobilizatzen hasi ziren ekain hasieran auzotarrak. Gaur Mikeldi-Olazaraneko bizilagunen plataformak mozio bat aurkeztu diote Durangoko Udalari, ideia albo batera utz dezaten.
Horrez gain, mozioaren bitartez salatu dutenez aurreko astean Hirigintza Batzordeak atzera bota zuen plataformako ordezkariekin biltzea, “aparkalekua planifikazioaren hasierako fasean egoteagatik”. Bizilagunak “erabat nahastuta” daudela jakitera eman dute, udalak emandako “erantzun kontraesankorrekin”. Mikeldi eta Juan Olazaraneko auzotarrek esan dutenez, maiatzean aparkalekua eraikitzea berehalakoa izango zela jakin baizuten. Hala ere, mozioa aurkeztu ondoren, eguaztenean egingo duten Hirigintza Batzordera joateko deia egin dietela jakitera eman dute auzotarrek.
Hilaren hasieratik aparkamentuaren kontra sinadurak biltzen dabiltza eta dagoeneko 1.300 sinadura baino gehiago batu dituztela jakitera eman dute. Mozioa onartzen bada sinadurak udaletxean aurkeztuko dituzte auzotarrek.