Iraganean parkea zarratzeko egon ziren arrazoiak aztertzea eta soluzioak topatzea beharrezko ikusten du alderdiak, eta mozioa onartuz gero lan hori Bulego Teknikoak egingo luke. Hurrengo pausoa, udalak auzotarrekin batzar bat egitea litzateke, irekiera baldintzak zehazteko.
"Durangotaz gozatu eta herritarrak lasai egoteko espazioen eskaintza gabezia bat dago herrian", dio EH Bilduk oharrean. Munduko Osasun Erakundeak aholkatzen du pertsonako 10-15 metro karratu berdegune egotea herrietan, eta Durangon 8 daudela ohartarazi du alderdiak. "Urgentziazkoa da espazio berdeak irekitzea, herritarron osasunerako", adierazi dute oharrean.