“Taldeari zortzi bat jartzen diot gutxienez; profesionalak diren edo izan diren aurkari askoren kontra jokatu dugu”

Joseba Derteano 2018ko eka. 18a, 08:58
Iker Saenz de la Cuesta

Estreinakoz aritu dira hain maila altuan. Urruneko herrialde batera bizitzera joatea bezalakoa izan da: dena berria zitzaien eta batzuetan kosta egin zaie egokitzea eta emozio berriak ondo kudeatzea. Horretan izan du lanik handiena Iker Saenz de la Cuesta (Durango, 1978) entrenatzaileak. Lan psikologikoa inoiz baino sakonagoa izan dela onartu du.

Aurtengo denboraldia zinemako genero bategaz deskribatzeko eskatuko banizu, zein aukeratuko zenuke?
Thriller-a aukeratuko nuke. Tentsio handiko denboraldia izan da. Une konplikatuak izan ditugu, poza ere bai… denetarik izan dugu.

Erronka berria zen zuentzat. Zuri zer kostatu zaizu gehien? Zerk eragin dizkizu buruhausteak?
Jokalarien adoreari eustea izan da nire buruhausterik handiena. Hirugarren Mailan, baloiaren jabetza izatera eta askotan irabaztera ohituta geunden. Bigarren B Mailan, sarritan baloiaren atzetik korrika ibili behar da eta zure maila ez dela besteenaren parekoa ikusten duzu. Batzuetan jokalariek ez dute egoera horri aurre egiten jakin, kosta egin zaie, eta horrek psikologia lan etengabea eskatu dit.

Beraz, mentalitate aldaketa bat eskatzen du.
Baloiaren atzetik zabiltzanean, jokoa erabat aldatzen da. Sarritan, aurkarien menpe egongo zarela barneratzea ez da erraza. Prozesu bat da eta jokalari batzuek besteek baino arinago egiten dute hori.

Egoera zailenetatik ikasten da gehien. Zer ikasi duzue aurten?
Taktika eta estrategia asko landu ditugu. Arlo horretan entrenamenduetan egiten den lanak garrantzi handia du. Aurkarien bideoak ikustea eta aztertzea ere inportantea da maila honetan. Entrenatzaileok bideoak trukatzen ditugu.

Sare sozialetan aipatzen zenuen estres handiko momentuak bizi izan dituzula. Zerk bultzatzen zaitu aurrera jarraitzera?
Urte asko daramatzat hemen eta jokalariak lagunak ditut. Konfiantza horrek eztabaidak dakartza, eta inoiz handiak izan ditugu. Batzuetan ez dakizu zure lana ondo egiten zabiltzan. Dudak sortzen zaizkizu. Bizitza pertsonalak edo areto futbolak, balantzan pisu handiagoa zerk duen pentsatzen duzu. Baina konpondu dira arazoak eta indartuta irten gara. Betidanik proiektu interesgarria iruditu zait hau. Hasi nintzenetik, potentziala ikusten nion. Klubean eta elorriarrekin gustura nago. Entrenatzaile moduan, zuzendaritzan… Lan asko izateak erre egiten du eta helduko da ez jarraitzea erabakiko dudan unea, baina oraindik indarragaz sentitzen naiz.

Bazenekiten erronka zaila zela, baina espero zenuten lehenengo garaipena denboraldi erdia pasatutakoan lortzea?
Ez. Talde askoz hobeak dira, baina gure antzeko maila duten batzuen aurka ere kosta egin zaigu batzuetan. Lehenengo itzulian desengainu batzuk eraman genituen zenbait partidutan.

Bigarren itzulian erreakzioa heldu zen. Lehenengo garaipena lortu ostean, zer esan zenioten elkarri aldageletan?
"Heldu da azkenean", esaten genuen. Barruan pilatuta geneukan presioa askatu genuen. Zama handia kendu genuen gainetik. Ordutik aurrera konfiantza hartu genuen eta gure jokoan beste txispa bat nabari zen. Gure akatsak zuzenduta, bila genbiltzan maila eskaini genuen. Etxean sekulako partiduak egin genituen eta gotorleku bihurtu genuen.

Azken txanpako une batean ematen zuen mailari eusteko kapaz izango zinetela. Berbertan zenuten.
Denek esaten zuten dinamika ona hartu genuela eta mailari eusteko hautagaiak ginela. Burgosen kontrako partiduan egon zen gakoa. Pauso garrantzitsu bat emateko unea zen. Presio handia sentitu genuen eta ez genuen geurea eman.

Zer nota jartzen diozu aurtengo denboraldiari?
Taldeari zortzi bat jartzen diot gutxienez. Gu denok amateurrak gara eta profesionalak diren edo izan diren aurkari askoren kontra jokatu dugu.

Datorren urtera begira, zelan dago taldea? Fitxaketarik egin duzue?
Mikel Acedo eta Ander Eguren futboletik batu ditugu. Juan Perera Mallabian ibili den gaztea ere gugaz arituko da. Bizkaiko promesarik onenetakoa da.

Datorren denboraldian emakumeen taldea berreskuratuko duzue.
Bai. Iaz talderik osatu ezinda, Sasikoagaz aritu ziren batzuk. Aurten bueltan dira, taldea osatu dute eta albiste ona da denontzat. Ea luzarorako den.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!