“Fisiko bat ez ezik, oinak lurrean izatea funtsezkoa da modeloa izateko”

Aitziber Basauri 2018ko eka. 15a, 17:00

Modelo moduan jarduteko prestatzen ari da Leire Merino (Durango, 2000). Ikus-entzunezko komunikazio ikasketekin uztartu gura du hori. Selektibitatea egin berri du, eta, zapatuan, 2018ko Bizkaiko Andere izendatuko dute. Urte bi baino gutxiago dira lehenengoz desfilatu zuela Durangon, Fashion Gauan. Cibelesen eta Guggenheimen ere desfilatu izan du gazte durangar honek.

Madrilen (Espainia) jarriko dizute, zapatuan, Bizkaiko damaren banda. Nola hartu duzu berria?
Sare sozialen bitartez izan nuen lehiaketaren berri eta izena ematea pentsatu nuen. Astebetera deitu zidaten, aukeratu egin nindutela esateko. Esperientzia polita izan zitekeela iruditu zitzaidan. Inoiz ez naiz izan neska bereziki deigarria, eta erakutsi nezake ni bezalako neskok ere badugula modelo izateko ametsa betetzeko aukera. Ingurukoak ere asko poztu dira.

Lehenengoz aurkeztu zara edertasun sariketa batera?
Ez. Miss Gran Euskadi sariketan ere parte hartu dut aurten. Esperientzia polita izan zen hura ere. Urduri joan nintzen, ez nekien-eta zegaz egingo nuen topo. Lehenego edertasun sariketa izan nuen. Nuen guztia ematen saiatu nintzen eta oso ondo pasatu nuen.

Modu berezian prestatu zara?
Modelo agentzia batera joaten naiz Bilbora eta arlo askotariko eskolak jasotzen ditut: argazki-saioetarako edo pasarelan desfilatzeko prestatzen naute, ile-apainketa eta makillaje eskolak ere jasotzen ditut, nutrizio gaiak... Arlo guztietan prestatu beharra daukagu, ez dakigu-eta zeri egin behar diogun aurre.

Noiz hasi zinen modelo lanetan?
Pasarela batera 2016an igo nintzen lehenengoz, Durango Fashion Gauan. Asko gustatu zitzaidan esperientzia, eta prestatzen hasi nintzen. Urte eta erdi geroago Madrilen nengoen desfilatzen. Birritan igo naiz pasarelara Cibelesen. Jendeak uste du argazki-kamera aurrean jartzea baino ez dela, argazki batzuk atera eta kito. Ikusten ez den prestaketa bat dago atzean. Asko zaindu behar da, hitz egiten jakin... portaera bat da.

Plaza handia izango da Cibeleseko pasarela.
Bai! Ni bezalako modelo gazteekin eta maila handiko modeloekin desfilatzeko aukera izan dut. Bilboko Guggenheim museoan ere desfilatu izan dut, Jon Fiz diseinatzailearentzat. Itzela izan zen hura.

Nolakoa izan zen pasarela batera igo zineneko momentu hura?
Urduritasun handia sentitu nuen, baina, aldi berean, horretarako balio nuela sentitu nuen.

Zein neurritan da zuretzat garrantzitsua edertasuna?
Nahiko pertsona umila naiz. Ez zait gustatzen nabarmentzea. Fisikoa edo edertasuna baino garrantzitsuagoa da egoten jakitea. Fisikoak iraungipen data du eta nortasunak ez, zugaz izango duzu beti.

Nortzuk izan dira zure erreferenteak moda munduan?
Euskal Herrian, Jon Kortajarena. Itzela da! Bere jarraitzaile handia izan naiz. Nahiko zaila da bera heldu den mailara heltzea, baina...

Edertasun sariketak bitartekoa dira modelo izateko?
Ez dut uste lotuta daudenik. Ez dute zerikusirik. Modelo izatea lan profesional bat da, ahalegin gehiago eskatzen duena, bestelako prestaketa duena. Ni modelo izateko ari naiz prestatzen, hori dut helburu. Orain dut horretarako aukera.

Zer behar da, zure ustez, modeloa izateko?
Fisiko bat ez ezik, oinak lurrean izatea funtsezkoa da. Askok uste dute agentzian izena eman eta segituan mailarik gorenean arituko direla. Gauzak ez dira horrela. Hainbat gauza ikasi behar dira. Argi izan behar duzu ezezkoak jasoko dituzula. Mundu hau oso gogorra da eta ez zaituzte beti oso ondo tratatuko. Oso argi izan behar dugu hori, eta ez da erraza. Askotan jausi behar da erraz altxatzen jakin ahal izateko.

Modelo izan gura duten gazte horiei zein gomendio emango zenieke?
Oinak lurrean izatea. Ez da bide erraza eta ezin zara hortik ibili dena dakizulakoan. Ametsa baduzu, aurrera egin, baina umiltasun osoz.

Neurriekin eztabaida handia dago moda munduan...
Oraindik badaude diseinatzaileak neurri zehatzeko modeloak gura dituztenak, baina gaia apur bat normalizatu dela uste dut. Hor daude Curvi modeloak, gero eta arreta gehiago dutenak, eta Miss Grand Euskadi sariketan, adibidez, neurri askotariko neskek parte hartu zuten. Horrela izan behar dela uste dut.

Zein da zure indargunea?
Lagunen eta familiaren babes handia dut. Horrez gain, nire nortasuna dut indargunerik handiena. Umila naiz eta badakit egoera desberdinen aurrean egoten. Nire ametsa modelo izatea  da eta horrek aurrera egiten motibatzen nau.

Selektibitatea egin berri duzu. Nola joan da?
Ondo! Nahiko lasai eraman dut. Ikus-entzunezko komunikazioa ikasi gura dut. Kamera baten aurrean egoteak erakarri egiten nau. Mundu bi horiek uztartu gura nituzke.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!