Tamayok 1981.urtean sortu zuen Durangaldea (triptikoa) lanaren birmoldaketa bat dakar Olavek 'Editore Mozorrotua' erakusketarako; pieza hau, berariaz egin du Daniel Tamayo artista ezagunak. "Gaur egungo ikuspegia eman gura izan dio aurreko obrari" azaldu du Garazi Arrizabalaga museoko zuzendariak. Guztira, bederatzi artisten 60 obra inguru egongo dira ikusgai irailaren 16ra bitartean Arte eta Historia museoan. Besteak beste, Alberto Rementeria, jose Antonio Azpilicueta eta Chema Elexpurururen lanak ere egongo dira ikusgai.
Jose Ignacio Olavek 1993an editatu zuen lehenbiziko obra, Alberto Rementeriaren La Vaca Madre, hain zuzen ere. Ordutik, ia 85 edizio egin ditu. "Duela urtebete sortu zen erakusketa Durangoko museora ekartzeko ideia, eta hemen dugu azkenean" adierazi du Arrizabalagak.
Barikuan, 19:00etan izango da erakusketaren inaugurazio ekitaldia, eta Olavez eta artistez gainera, Miguel Zugaza arte aditua eta Bilboko Arte Ederretako museoko zuzendaria ere bertan egongo da.
Bestalde, artista eta editorearekin batera erakusketa ikusteko bisita gidatuak egingo dira. Ekainaren 27an, uztailaren 4ean (Daniel Tamayogaz), uztailaren 18an (Jose Antonio Azpilicuetagaz) eta irailaren 5ean (Alberto Rementeriagaz) izango dira bisita gidatuak. Izena emateko museora deitu daiteke, edota mezu elektroniko idatzi.