Zer ikusi daiteke 'Rock&ttonios'en?
40 Minutu Rock jaialdiko prentsa taldean egon nintzen, beste bi lagunekin batera. Anttonio´s-Gure Toki taberna rock estilokoa dela aprobetxatu dugu egun horretako argazkiekin erakusketatxo bat egiteko; Goienkalen rock estiloko taberna bakarrenetakoa da, gainera.
Zenbat argazki atera zenituen egun horretan?
Ordubeteko kontzertuak izan ziren, eta talde bakoitzari 300 bat argazki aterako genizkion. Hortik, bospasei dira erabiltzen direnak. Sermond´sek ere jo zuen egun horretan, eta guztiok Durangaldekoak garela aprobetxatuta, keinu polita iruditu zaigu eurak ere egotea erakusketan.
Bestelako argazkiak ere ateratzen dituzu, ezta?
Paisaiak atera izan ditut, batez ere. Lehenengo kamera orain hamar bat urte erosi nuen. Kontzertuez gainera, bestelako lanak ere egin ditut musika talde batzuekin; adibidez, Sharon Stoner eta Mocker´s taldeekin. Lagun bigaz batera, Arrate estudioa sortu dut (www.arrate.studio). Hasieran paisaiak ziren erronka; orain, ostera, beste erronka batzuk ezartzen dizkiot nire buruari. Zuzenekoetan mugimendu asko eta argi gutxi dago; hor erakusten dugu abilezia kameragaz. Erronka ikastea da, eta denetariko argazkiak ateratzen jakitea.
Egin duzu beste erakusketarik?
Sopelako jatetxe batean eskusketa finko bat dut orain hiru urte baino gehiagotik. Berlinen beste bat egin nuen, hango Euskal Astearen harira. Kontzertuetako argazkiekin egiten dudan lehenbizikoa da hau. Berezia da, gainera, izan ere, Antonio zena [tabernaren lehenbiziko jabea] nire aitaren lehengusua zen, eta txikia nintzenean rabak jatera etortzen ginela oroitzen dut.
Zein kontzertutan edo festibaletan gustatuko litzaizuke argazkiak ateratzea?
Aukeran, Viñarockera joango nintzateke. Ez naiz sekula egon, baina oso gustoko ditut bertan aritu ohi diren taldeak. Argazkilari legez joatea oso polita litzateke.