"Eguraldi iragarpenak ez betetzea espero dugu"

Markel Onaindia 2018ko eka. 8a, 13:44

Eguaztenean zabaldu zituzten Tabirako kanpoko igerilekuak, eta gaur prentsarentzako agerraldia egin dute udal arduradunek eta teknikariek. "Orain arte eguraldiak ez digu lagundu, baina hori aldatu daiteke, eta iragarpenak ez betetzea espero dugu", esan du Pilar Rios alkateordeak.

Dena prest dago igerilekuetan, eta orain eguzkia etortzea bakarrik falta da, egun udatiar horiez gozatu ahal izateko. Irailaren 16ra arte erabili ahal izango dute herritarrek, astegunetan 11:00etatik 20:00etara eta asteburuetan 10:30etik 20:00etara. 

Instalazioen hobekuntzarako zenbait obra egin dituzte. Sarrerako ilarak murrizteko asmoz, tornu gehiago ipini dituzte arduradunek. Gainera, segurtasunari begira, begiraleek Walkie-Talkieak edukiko dituzte, egun jendetsuetan aforoa zaintzeko.

Urpeko arkeologia umeentzat
Bestalde, hainbat aktibitate garatuko dira bertan. Ekainaren 23an eta uztailaren 4an eta 11n minbiziaren aurkako elkarteak sentsibilizazioa landuko du, eta uztailaren 8an esklerosi anizkoitza izango da ardatza. Aipagarria da Durango Kirolak, Museoa eta Bibliotekaren elkarlanari esker, uztailaren 2an urpeko arkeologia tailerra egingo dutela ume eta gaztetxoentzat. Uluburun izena ipini diote; Turkiako kostaldean topatu zuten Brontze Aroko itsasontziaren izena da, eta bost kultura hobeto ezagutzeko balio izan du, Garazi Arrizabalaga Museoko arduradunak azaldu duenez. Parte hartu gura dutenek Internet bidez eman beharko dute izena, Durango Kirolaken webgunean edo Museoko sare sozialetan. Horrez aparte, uragaz lotuta kirola egiteko beste ekintza ugari ere prestatuko dituzte.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!