Musika garaikidea albo batera utzi, eta errepertorio tradizionala ardatz duen kontzertua eskainiko du Silboberrik zapatuan

Aritz Maldonado 2018ko eka. 8a, 16:50

Protagonista bi izango ditu zapatuan egingo den txistu kontzertuak. Euskal Astearen baitan antolatu ohi du kontzertu hau Silboberrik, eta aurten Solistas de Valencia izango dira gonbidatuak. San Agustin kulturgunean izango da emanaldia, 20:00etan.

Hamazortzi urte daramatza txistuaren alde beharrean Silboberrik. Musika garaikidea jorratu ohi duten arren, zapatuko kontzertuan errepertorio tradizionala eskainiko du talde durangarrak. "Zerbait berezia eskaini gura izan dugu", azaldu du Maribel Roldan Silboberriko koordinatzaileak. Horrela, hiru pieza eskainiko dituzte. Alde batetik, Wolfgang Amadeus Mozarten Divertimento I interpretatuko dute. Bestalde, Rodrigo A. de Santiagoren Barakaldo pieza estreinatuko dute. Azkenik, Hilario Olazarenen Txoriak interpretatuko dute; urretxindorra, zozoa, txantxangorria eta kukua imitatuko dituzte obra honetan. "Hiru obra hauekin emanaldia oso erakargarri geratuko da", adierazi du Roldanek.

Solistas de Valenciak Tradició a l´Escena ikuskizuna eskainiko du. Dultzaina da ikuskizun horren ardatza, eta Valentziako elementu tradizionalak garaikideagoekin nahasten dituzte, eta emaitza ikusgarria dela azpimarratu dute txistu elkarteko kideek; musika elektronikoa ere erabiltzen dute valentziarrek. "Ikuskizun oso berezia izango da, gomendagarria, eta xelebrea".

Valentziarren bira
Silboberriko kideek Valentzian bertan ezagutu dituzte Solistas de Valenciako kideak. "Han ezagutu genituen, eta beraientzat eredugarriak garela esan ziguten. Haiek ere instrumentu tradizional bategaz musika garaikidea egiteko gogoz dabiltzala azaldu ziguten". Ensems eta Mostra Sonora musika garaikidearen jaialdi entzutetsuetan emanaldi bana eskaini dute aurten txistu elkarteko kideek. "Lehenbiziko aldia izan da txistua horrelako jaialdi batera eraman dutena", adierazi du, harro, Roldanek. Urrian, ostera, Festival Rafel jaialdian egongo dira, bestelako emanaldi bategaz. "Ziklo hau oso garrantzitsua izaten ari da guretzat, eta, orokorrean, txistuarentzat", gaineratu du. Kontzertua doakoa izango da, eta, horretarako, elkarteak ahalegin handia egin behar duela nabarmendu gura izan du Roldanek. "Jendeari dei egin gura diogu San Agustinera joan dadin zapatuan. Ikuskizun ona gozatuko dute, eta, gainera, guk ez badugu txistua babesten, nork babestuko du?", amaitu du.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!