Rio de Orok mendi martxa eta lasterketa antolatuko ditu ekainaren 17an

Joseba Derteano 2018ko eka. 4a, 13:34

Kirol Errota atletismo klubarekin batera antolatuko duten ekimenean batutako dirua herri saharauiari laguntzeko proiektuetara bideratuko dute.

‘Yalah-Yalah’ izena jarri dioten proba Durangoko Tabiran hasi eta amaituko da. Mendi martxa 09:00etan hasiko da eta bi ibilbide daude aukeran: 15.5 eta 9 kilometroko bana. Lasterketari 10:00etan ekingo diote, 15.5 kilometroko ibilbidearekin.

Izen-ematea hasita dago eta www.kirolprobak.com eta www.sailkapenak.com webguneen bidez egin daiteke. Izen-ematea aurretik eginez gero 10 euro da. Gura duenak egunean bertan ere egin dezake 12 eurotan.

Lasterketan hornidura puntua egongo da eta bukaeran luntxa ere bai. Gura dutenentzako dutxa zerbitzua eskainiko dute eta parte hartzaileek ‘Yalah-Yalah’ —‘benga-benga’ edo ‘goazen-goazen’ esan gura du hasannia dialektoan— jartzen duen kamiseta bat eskuratu ahalko dute.

Ekimenarekin batutako dirua Rio de Oro Gobernuz Kanpoko Erakundeak herri saharauiei laguntzeko martxan dituen proiektuetarako izango da.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!