Nor da ‘Emakume Burugabea’?
Emakume Burugabea fikziozko narrazio bat da, nahiko karga poetikoa duena; helduentzat da. Emakume honek bere gorputza okupatzea behar du. Barrura begiratu eta ez du ezer ikusten. Hasieran emakumeak trazu aske moduko bat du, kortse zurrun bat du, eta makillaje moduko bat ere badu; baden baina ez den zerbait erakutsi gura du. Hans Christian Andersenen ipuinaren ‘Zapata Gorriak’ ipuinari keinu egin gura izan diot, eta zapata takoidun gorri batzuk marraztu dizkiot protagonistari. Hauekin ez du lurrik ukitzen. Oreka galdu eta jausi egiten da. Hor hartzen du kontaktua lurragaz, eta hor hasten da bere askatasunerako prozesua kontatzen. Irudi aldetik, erreprimituriko emakume honek trazu zurrunak ditu, eta liburuan aurrera egin ahala, trazua askeagoa da eta pertsonaiak espresibitatea lortzen du.
Trazuaren garapen hori lortzea izan da erronkarik zailena zuretzat?
Bai, nire lanetan nire ekarpena egitea gura izaten dut, eta ez testuan esaten dena besterik barik azaldu. Protagonistak bizi duen askatasun prozesua azaldu gura nuen nire pintzeladekin. Marrazten dudanean aske izatea gura izaten dut, buruagaz pintatu beharrean, instintiboa izatea atsegin dut. Beti ez dut lortzen, nire mugak ditudalako. Hemen, adibidez, helburua trazu aske bat lortzea zen, ez trazu perfektu bat. Hori izan da erronkarik handiena, zerbait margotu, eta gero larregi ez konpontzea.
Nola gustatzen zaizu behar egitea?
Denbora aldetik, askatasuna edukitzea gustatzen zait. Gertatzen zait, halere, ideia bonbardaketa bat eduki eta galtzea ere (barrez). Antxiñe esaldi solte batzuekin etorri zitzaidan, eta horrela hasi nintzen ni irudiak marrazten. Ostean, testua idatzi ahala, egokitzen joan nintzen. Lan egiteko modu hau asko gustatu zait, helbururik eta eperik barik.
Recuencon (Burgos, Espainia) bizi zara. Lotura du horrek lasai lan egiteko aukeraketagaz?
Testuingurua oso garrantzitsua da. Han ez dizu inork ezer markatzen. Hemen, ostera, beste erritmo batean bizi da jendea. Hemen [Durangogatik] ordutegien arabera dago ezarrita errutina. Denboraldiaren arabera iristen zaizkit eskaintzak; orain, adibidez, lan asko dut.
Ze proiektu dituzu esku artean?
Miren Agur Meabegaz album ilustratu bat amaitu dut berriki. Nire irudiak egiteko, denbora gehiago edukitzea gustatuko litzaidake.
Arte eta Historia museoko emakumeen erakusketa kolektiboan parte hartu zenuen.
Primerako ideia iruditu zitzidan. Normalean, gizonezkoen lanak egoten dira erakusketetan. Emakumeok bestelako baldintzak ditugu, amatasuna esate baterako. Niri gertatu zitzaidan. Alaba lehentasuna izatera pasatu zen, eta ez nuen gura izaten datekin lan egin. Lasai egon gura nuen. Orain urtebete berriro sartu zait sortzeko beharrizan hori, eta ia egunero marrazten dut
Errealitate horiek ezagutzeko aukeraz gain, ondo daude horrelakoak emakume sortzaileon artean ezagutzeko, eta sarea egiteko.
Baduzu beste erakusketarik egiteko asmorik?
Ekainean eta uztailean Arteka liburu-dendan egongo dira ikusgai Emakume Burugabea laneko irudiak [material berezi batean inprimatuta egongo dira]; irudi originalen bat egongo da, ziurrenik.