Mugaz gaindiko Euskal Ligaren alde egin du Durango Rugby Taldeak

Joseba Derteano 2018ko mai. 30a, 17:00

Eusko Jaurlaritzako eta federazioetako agintariak eta ordezkariak Bilbon egindako aurkezpenean. (www.irekia.euskadi.eus)

“Orain hitzetatik ekintzetara pasatzeko unea da tartean inplikatuta gauden eragileen aldetik”, adierazi du DRTko zuzendaritza batzordeak ohar batean.

Eusko Jaurlaritzak, Euskadiko, Nafarroako eta Iparraldeko —Errugbi 64 Departamentu Batzordea— errugbi federazioetako ordezkariekin batera datozen urteetan mugaz gaindiko Euskal Errugbi Liga bat garatzeko akordio aurkeztu zuen maiatz hasieran, Bilbon. Lehiaketa berri hori datorren udazkenean jarriko da abian senior mailan, kopa edo kanporaketa formatuan, eta berau bultzatzen duten erakundeen nahia da 2020tik aurrera behin betiko liga egonkor bat sortzea.

Proiektua aurkezteko egindako ekitaldian izan ziren Durango Rugby Taldeko ordezkariak. Han batutako informazioa ohiko zuzendaritza batzarrean aztertu ostean “aho batez” egitasmoaren “alde” egitea erabaki dute. “Erabaki hau hartzeko zergati nagusia da proiektua bat datorrela bere egunean onartu genuen Euskadiko Errugbi Federazioaren Plan Estrategikoarekin. Planaren barruan mugaz gaindiko lehiaketa bat sortzea ageri da. Argumentuen artean arrazoi ekonomikoak, kirol arlokoak eta lurraldetasunaren arlokoak zeuden proiektu honetan gauzatu daitezkeenak, eta horrek gure arrazoiak indartu egiten ditu”. Planaren lidergoa eta kudeaketa “erakundeek eta federazioak euren kargu” hartu beharko luketela uste dute. “Gogoa dugu egitasmoaren nondik norakoak ezagutzeko horren aldeko eragileak izan gaitezen helburuak lortze aldera”, jasotzen du oharrak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!