Durango eskualdeko azken herria da materia organikoaren sailkapenera batzen dena. Interesdunek izena eman beharko dute, eta horiek soilik erabili ahalko dituzte kontainerrak.
34 milioi euro
Egungo kontratua 2006an onartu zen, 10 urterako, eta luzatua egon da. Kontratu berria ere 10 urterako izango da, eta 49 langileak subrogatu beharko ditu lehia irabazten duen enpresak. Udalak 34 milioi euro erabiliko ditu urte guztiotan. Hobekuntzen artean, kaleak eta eskolak garbitzeko maiztasuna handituko da, ura ere erabiliko dute, arratsaldez kaleak birpasatuko dituzte, jai ekintzak daudenerako lan berezia aurreikusiko dute, eta erreketako garbiketa ere egingo dute.
EAJko Goiztidi Diazek proiektu garrantsitsua dela esan du, eta langileen baldintzak mantenduko direla nabarmendu du. PSE-EEko Pilar Riosek azaldu du kaleen garbitasun maila eta maiztasuna indartuko direla, eta organikoa batzen hasteari balioa eman dio. PPko Fran Garatek ere babesa erakutsi dio proiektuari.
Partaidetza eskatzen
Kontratua ez du onartu oposizioak, eta herritarren parte-hartzerik ez dela sustatu kritikatu dute. EH Bilduko Dani Maeztuk gaineratu du langileei ere ez zaiela galdetu. Bestalde, 2020an birziklapenaren %60ra heltzeko Europako gomendioa ez dela helburu lez jasotzen salatu du -asmo hori berretsi du gobernuak-, eta organikoaren ezarpena "herritarren erantzunaren arabera" garatzea ere ez du begi onez ikusi.
Herriaren Eskubideko Julian Riosek, kontratuagaz "herritarren erabakia 12 urterako hipotekatuko" dela ohartarazi du. Horrez gainera, enpresari emango zaizkion 34 milioi euroetatik 4 etekin enpresarialerako izango direla dio. "Hori ez da gure eredua", esan du gestio zuzena aldarrikatuz.