“Komentu batean hunkitu egin ziren anaiak ginela jakitean; lo egiteko lekua egin ziguten”

Aitziber Basauri 2018ko mai. 27a, 11:00

Santiago de Compostelara heldu guran, Donejakue bideari ekin zioten maiatzaren 6an Aizpuru anaiek. Bide erdia egin dute, baina, ezusteko baten eraginez, Durangon egon behar dute datozen egunetan. Datorren urtean ekingo diote bigarren zatiari.  Oviedon  (Asturias) daudela egin dugu berba Jabier, Joseba, Jon eta Iñakigaz.

Lau anaiok elkarregaz egin gura izan duzue Donejakue bidea. Nolatan?

Jon: Azken hiruzpalau urteetan, martitzenero elkartzen gara lau anaiok Abadiñoko Abarketeruenean bazkaltzeko eta bazkari horietako batean erabaki genuen gazteena jubilatzean Donejakue bidea egingo genuela, elkarregaz. Aurten jubilatu da Iñaki eta bidea egiten hasi gara.

Ibilbidean ondo konpondu zarete lau anaiok?

Jon: Bueno... izaten ditugu gure liskarrak. Dena ez da idilikoa, baina ondo konpontzen gara.

Joseba: Hala da, bai. Ikusten gaituztenean... esango dute!

Jabier: Neu naiz nagusia, eta dena barkatu beharrean nago baina... 

Oviedon harrapatu zaituztegu, bide erdi inguruan.

Iñaki: Bai. Bihar [martitzena] Avilesera (Asturias) joango gara, eta handik Durangora berriro. Datorren urtean iparraldeko bidea hartuko dugu berriro, Avilesen. Badaramatzagu egun batzuk etxetik kanpo!

Jon: Santiagoraino joatea zen asmoa, baina Jabierrek Durangon egon behar du datozen egunetan eta denok bueltatuko gara. Laurok egitea da kontua!

Gogorra ari zaizue egiten?

Jon: Fisikoki, bai. Egunero 20-25 kilometro egin ditugu oinez; inoiz 30 ere bai, eta gogorra egiten da. Baina hori kenduta, oso ondo gabiltza. 

Joseba: Nekatuta amaitzen dugu, hankak apur bat kargatuta, baina ondo daramagu. Ez zait horren gogorra egiten ari. Bideari ekin baino urtebete lehenago 10-12 kilometroko bueltak egiten hasi ginen. Horrek ere laguntzen du. Zaindu ere egiten gara, oinetan babarik irten ez dadin, eta oso ondo gabiltza. 

Azken urteetan Donejakue bideak jende gehiegi batzen duela diote batzuek. 

Joseba: Sasoi honetan oraindik ez dabil horrenbeste jende. Zatiren batean, akaso... Ekainean hasita batuko da jende gehiago. Gu behintzat oso lasai ibili gara bidea egiten.

Iñaki: Egia esan, ez dugu jende askorik topatu. Gainera, gehienak atzerritarrak izan dira: alemanak, ingelesak, frantsesak, errusiarrak... 

Eta euskaldunak?

Iñaki: Oso gutxi. 

Jon: Llanesen (Asturias) Durangoko Bizidun elkarteko talde handi  bategaz elkartu ginen. Etapaka dabiltza haiek. 

Eguraldia lagun izan duzue?

Iñaki: Pare bat egunean euria izan dugu, baina, bestela, egun ederrak izan ditugu ibiltzeko. Eguraldia nahieran izan dugu!

Denok lehenengoz animatu zarete?

Iñaki: Nik orain zortzi bat urte Hondarribitik Castrorainoko  (Kantabria)bidea egin nuen; enpresan enplegu-erregulazioko espedientea zabaldu zuten eta animatu  egin nintzen. Oraingoan horregatik elkartu naiz anaiekin Castron. Eurek Bilbon ekin zioten, lehenengoz.

Bideak liluratu egiten duela eta bizitzan behin egin beharrekoa dela diote. 

Iñaki: Santiagora heltzean esango dizut! Bide erdia falta zaigu. 

Jabier: Anaiak ez dira sinesdunak, baina ni bai, eta horregatik esperientzia berezia izaten ari da niretzat. Batzuek promesa bat egin dutelako egiten dute bidea, eskari bat egiteko... baina ez da gure kasua. Laurok egingo dugulako da berezia. 

Baduzue pasarterik? 

Jon: Laredon (Kantabria) komentu batean, asko hunkitu ziren laurok anaiak ginela jakitean, eta lo egiteko lekua egin ziguten. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!