Durangoko areto-futboleko taldeek bat egin dute, aniztasun funtzionalaren aldeko biharko jaialdian parte hartzeko

Markel Onaindia 2018ko mai. 25a, 12:00

Geu Bek, Rio de Orok, Angelman Sindromearen Elkarteak eta udalak antolatutako Aniztasun Funtzionalaren Aldeko Jaialdiak elkartasunez bustiko du bihar Durango.

Ezgaitasunen gainetik, pertsona guztien gaitasunei balioa emateko egun bat izango da. 1.200 lagun elkartuko dira Landako Gunean egingo duten herri bazkarian, egun osoan zehar tailerrak prestatuko dituzte, eta 18:00etan Luhartzegaz jarraituko du jaiak. Gainera, herriko elkarte asko inplikatu dira.

Areto-futbolekoena da adibideetako bat. Bihar, 10:00etan, Landakoko kiroldegian partidua jokatuko dute, Durangoko hainbat klubetako jokalariek osatutako taldeekin: Mendibeltz, Ezkurdi, Gu Lagunak, Durangoko, Sasikoa, Kulturala eta Racing Tolosto. Gainera, eurekin batera nahastuta, Geu Beko futbolariek ere parte hartuko dute.

Mendibeltz eta Haizea
Mendibeltzen kasua berezia da, angelman sindromea duen Haizea ume durangarraren aitak, Luisma Reyesek, bertan jokatzen duelako. Taldekideak ekintza askotan inplikatzea ekarri du egoera horrek. "Gai honek gertutik ukitzen gaitu. Eta lagundu ahal dugun edozein ekintzetan, hortxe gaude", dio Edgar San Millan taldekideak. Eneko Sampedrok ekintzetako batzuk gogoratu ditu: "Angelman Sindromearen Elkarteak Landakon antolatu zuen jaialdian barran laguntzen egon ginen, igerilekuetan paella lehiaketa egin zenean ere lagundu genuen, eta futbito maratoian ere bai. Gure helburua ondo pasatzea da, baina ez da futbol klub huts bat, zerbait gehiago gura dugu".

Eurak ere bozgorailu
San Millanek dio Haizea Reyes ezagutu arte ez zeukala angelman sindromearen inguruko informaziorik, eta gaur egun eurak bihurtu dira gaiaren bozgorailuetako bat. "Jendeak galderak egiten dizkigu, eta esplikatzen saiatzen gara", dio Mendibeltzeko kideak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!