Kulturala

Bazekiten ez zela erreza izango

Anboto 2018ko mai. 19a, 20:26

Durangoko Kulturalak bana berdindu du igoera faseko joaneko partidua. Neurketa txukuna jokatuta, aurretik heldu dira atsedenaldira, baina ezin izan diote emaitzari eutsi. 

Cuenca hiriburuko taldea da Conquense eta Kulturalak bazekien kanporaketa hau gainditzekotan, sufrituta gaindituko zuela. Gaurko partiduak horixe berretsi du. Itzuliko partidua datorren asteburuan jokatuko dute eta Kulturala gutxienez gol bat sartzera behartuta dago Bigarren B Mailara bide laburretik igo gura badu. Estatistikak komeni direnean erabili ohi dira eta hemen positiboa den datu bat: aurten Kulturalak etxean baino puntu gehiago lortu ditu etxetik kanpora.

Igor Nuñezen gizonek partidu txukuna jokatu dute. Ez dira aurkaria baino gutxiago izan. Ekain Zenitagoiak 35. minutuan sartutako penalti baten bidez hartu dute aurrea. Aldageletatik bueltan Conquensek pausu bat aurrera eman du eta korner batean lortu du berdinketa 66. minutuan. Ordutik aurrera Kulturala bi-hiru bider arriskuarekin heldu da aurkariaren area ingurura, baina ez du aukera garbirik izan.

Tabira futbol zelaia lepo bete da denboraldiko partidu garrantzitsuena ikusteko. Eserleku denak beteta eta jende asko zutik.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!