"Japoniara egindako bidaian 2.500 argazki inguru atera nituen, hogeita bost egunean"

Aritz Maldonado 2018ko mai. 19a, 10:30

Hamar bat urtegaz Gaztelugatxera eginiko bidaia batean maitemindu zen argazkiak ateratzeaz Leire Unzueta Balenziaga (Durango, 1987). Harrezkero eginiko bidaia guztiak dokumentatu ditu. 35 herrialde bisitatu ditu ordutik. Iaz Japoniara eginiko bidaiako argazkiekin 'Wanderlust: Japan' liburua kaleratu du Unzuetak.

Nola irten zen liburua kaleratzeko aukera?
Nire ustez, argazkiaren prozesua ez da klikagaz amaitzen. Atera ostean, editatu eta inprimatu egin behar da. Asko inprimatzen dut nik, akatsak ikusteko zein oparitzeko. Liburua Japoniara egindako bidaian ateratako argazkiekin egin dut, baina izan zitekeen beste bidaia batean ateratakoekin ere.

Nola aukeratu zenituen argazkiak?
25 bat egun igaro genituen Japonian, eta han eginiko ibilbidearen lekukotza dira argazkiak; 2.500 argazki inguru aterako nituen. Blogean, adibidez, gehiago luzatzen naiz azalpenetan, baina liburuagaz zerbait bisualagoa egin gura nuen. Liburua 90 argazkik baino gehiagok osatzen dute.

Zelako argazkiek osatzen dute lana?
Lagun batek esaten dit nire argazkiek ukitu malenkoniatsua dutela, baina niri ez zait horrela iruditzen. Badute ukitu misteriotsu bat, edo beste zerbait, behe-lainoagaz lotuta edo, ildo horri jarraitzen diote, baina ez dut uste tristeak direnik; kolore asko dute. Hori bai, egun triste edo ilunetan ateratzen ditut argazkiak, batez ere. Argazkiak editatzeko teknika ere garatu dut denbora honetan guztian.

Ikastaroak ere eskaintzen dituzu.
Irakaslea naiz ogibidez, eta argazkiak ere saltzen ditut, stock modura. Hitzaldiena zerbait berria da, baina badut asmoa serioago hartzeko, izan ere, idazten ari zaizkit. Erakusketak ere egin ditut, bi New Yorken, bat Indian, eta, azkena, Durangon. Gutxinaka banabil hemen ere zabaltzen.

'Wander.film' proiektua ere esku artean duzu.
Jon Etxezarragagaz eta Aiora Poncegaz nabil proiektuan. Kreatibitatea lantzea da gure asmoa, korrontetik irten eta zerbait berezia sortzeko.

Nola nabarmendu zure argazkiak aro digital honetan?
Maiatz hasieran Urdaibain egindako topaketetan egon ginen 'Wander.Film'-ekook, eta horretaz hausnartu genuen bertan. Gauzak birplanteatu egin behar dira, guztiok berdina egitea baita joera garai honetan. Ariketa legez, galdera hau egitea ona litzatekeela uste dut: 'Inork ikusiko ez balitu, jarraituko zenuke argazkiak ateratzen?'. Nik argi dut baietz.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!