Iparraldea izoztearen eraginez, argindarrik barik gelditu dira Euskal Herrian. Hegoaldera, Afrikara emigratzea erabaki dute hainbat familiak, tartean, antzezlaneko protagonista den Arrazolako familia batek. Bidean, hainbat zubi igaro beharko dituzte protagonistek. 1998an Jose Martin Urrutiak idatzi zuen 'Zubi Gizakiak' obraren moldaketa da 'Zubi Bi Su' hau, izan ere, hasierako antzezlana hogei lagunentzat zegoen prestaturik, eta oraingo honetan 40 ikaslek parte hartuko dute antzezlanean; 27 aktorek eta 13 dantzarik, hain zuzen ere.
San Agustin kulturgunean izango dira emanaldiak. Lehena, bihar, 22:00etan. Bigarrena, ostera, zapatuan, 20:00etan. Sarrerak ondo saltzen ari dira eta, beraz, ahalik eta arinen erosteko gomendioa egin dute antolatzaileek.