anboto.org

"Heteropatriarkatu kapitalistari desobedientzia! LGTBIQ+fobiari stop!"

  Gizartea  Durango

Haurrak txiki-txikiak diren unetik, gizon-emakume eskema dikotonomikoan hazten ditugu. Binarismoa, epaitegietan, eskoletan, banketxeetan, supermerkatuetan, legeetan, ospitaletan… ekoizten eta berreraikitzen ari da etengabe. Sistema oso bat, heteropatriarkatu kapitalista, bere biziraupenerako behar duen binarismoa josten eta berreraikitzen etengabe. Indar eta tresna handiekin gainera!

Zur eta lur begiratzen ditugu umeak jarrera binaristak azaltzen dituztenean baina, zertaz harritzen gara? Oso txikitatik hasten dira arau hau barneratzen. Eta horrekin batera arauak lotuta dituen beste hamaika arau. Zurrunago zein malguago baina arau. Eta arau hauste horiek zigorra dute. LGTBIQ+fobia gogor dabil disidenteekin. Edozein dela pekatuaren tamaina biolentzia dator bueltan.

Bai, LGTBIQ+fobia indarrean dago. Batzuetan diskurtso aurrerakoien baitan izkutaturik, beste zenbaitetan gordinik baina hortxe bizi-bizirik. Muga ikusezinak apurtzen edota arrakalatzen ahalegintzen denak…zast! Biolentzia pairatzen du. Lausoagoa ala bortitzagoa baina biolentzia. Eta gainontzekoek abisu bezala barneratzen dute. Arautik ateratzeko ideia burutik ibiltzean, ezabatu ditzaten. Mugimendu feministatik, heteronorma arrakalatzen jarraitzeko konpromisoa berresten dugu. Gugatik eta denongatik.

Izan ere, zer gertatuko litzateke testuingurua ez balitz hain zurruna? Izateko eta egoteko errealagoak eta justuagoak diren markoak askotarikoak izango balira? Instituzioetan, eskoletan edo ospitaletan kasurako, neska-mutil izateari baino, norbanakoak begiratuko bagenitu? Bakoitzak ditugun berezitasun guztiekin, asko baitira!

Gaurkoan, modu berezi batean, gogoan ditugu askatasunaren aldeko lana egiteagatik, bizitza galdu duten aktibista bi: Marielle Franco eta Matheusa Passarelli. GOGOAN ZAITUZTEGU! Beraiekin gogoan, hauspotu nahi dugu dikotomia apurtzeko lana egiten duten kolektibo zein pertsonak. Identitatea bizigarriagoa egiteko lanean ari direnak, ari garenak, ari zaretenak. Ezin ahaztu, borroka horretan, bizia galdu duen Ondarruko gaztea, Ekai. GOGOAN ZAITUGU! Jendartea eta instituzioek ezin dute beste aldera begiratu, ez da afera pertsonala, POLITIKOA BAITA!

HETEROPATRIARKATU KAPITALISTARI DESOBEDIENTZIA!!! LGTBIQ+FOBIARI STOP!!!

Trans* identitatearen aterkiak bildu ditzakeen aukera guztiak gogoan. Argazki anitzekin arrakalatu dezagun Durango eta Euskal Herria! GORA BORROKA FEMINISTA!

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa