Geu Be, Rio de Oro eta Angelman Sindromearen Elkartea dira jaialdiaren sustatzaile nagusiak, baina azpimarratu dute herriko elkarte askoren eta ikastetxeen babesa jaso dutela. Esaterako, goizeko lasterketen ardura atletismo taldeen esku egongo da. Ikastetxeetan, 1.500 ikasle inguruk gurpildun aulkian ibiltzea zer den ezagutuko dute egunotan egingo dituzten tailerrei esker.
Lasterketa 09:45ean hasiko da, eta 10:30ean tailerrak eta areto futbola -Geu Bekoek Durangoko hainbat futbolarigaz jokatuko dute-. 13:00etan dantzen erakustaldia eskainiko dute, eta gero flashmob kolektiboaren txanda izango da. 14:30eko bazkariaren ostean, postre lehiaketa, zozketak eta bertsoak aurreikusi dituzte. 18:00etan Luhartzegaz jarraituko du jaiak. Bestalde, Geu Bek azken bost urteetako lanagaz argitaratu duen liburua ere salgai egongo da bertan.
"Denok zaudete gonbidatuta"
Elkarteetako ordezkariez gainera, Geu Beko Ane Larrabeitik, Endika Zamalloak eta Iban Torresek ere parte hartu dute prentsaurrekoan. "Denentzako aktibitatez osatutako egun bat antolatuko dugu. Denok zaudete gonbidatuta", esan du Zamalloak. Pilar Rios alkateordeak berba egin du udalaren izenean: "Inklusiboa izatea gura dugun gizarte batean denok gara beharrezkoak. Denok behar zaituztegu Durango hobe bat eraikitzeko".