Kulturala

Ligako txapeldunek zaleen berotasuna jasoko dute zapatuan, igoerako fasean zentratu aurretik

Joseba Derteano 2018ko mai. 11a, 13:00

Durangoko Kulturalak Hirugarren Mailako liga irabazi du. Bere multzoan, denboraldiko talderik onena izan da. Klubaren historian bigarrenez irabazi dute liga. Aurrekoa orain 31 urte lortu zuten, 1987an hain zuzen.

Denboraldian zehar batutako puntu sortari esker, abantaila politagaz heldu da ligako azkeneko txanpara. Ondorioz, hainbat aukera ditu igoera lortzeko. Lehenengoan, ustebakean, huts egin zuen. Nork pentsatuko zuen hamar partidu galdu barik —bederatzi garaipen— zeramatzan taldeak etxean eta zaleen aurren 0-1 galduko zuenik Deustoren kontra. Baina errekamarako bigarren balagaz bete-betean asmatu zuen. Joan zen asteburuan 0-1 irabazi zion Alaves B taldeari, Xabier Infantek sartutako gol bati esker, eta taldeko jokalariek Gasteizen ospatu zuten liga garaipena.

Bihar, 19:00etan, ligako azken partidua jokatuko dute etxean, Santutxuren kontra. Etxeko lanak eginda, zaleen berotasuna jasotzeko unea izango da, liga txapelketa eta Errege Koparako sailkapena ez direlako urtero lortzen. Partidurako sarrera doakoa izango da.

Bigarren B Mailara begira
Astelehenetik aurrera, jokalariei eta zaleei gozatzeko eta sufritzeko aste bi geratuko zaizkie oraindik. Bigarren B Mailarako igoera kanporaketa baten baitan dago. Astelehenean egingo dute zozketa eta hurrengo asteburu bietan jokatuko dituzte joaneko eta itzuliko neurketak. Azkenengoz, 2006an igo ziren Bigarren B Mailara, baina hurrengo urtean jaitsi egin ziren.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!