"Bezero askok etxe ofizialera ekartzen dute kotxea, ordezko pieza ofizialak eta eskulan kualifikatua gura dituztelako"

Anboto 2018ko mai. 9a, 11:50

Uda sasoia gerturatzen ari den honetan, oporretan nora joan izaten da zalantza. Aukeratutako leku horretara joateko, askok eta askok autoa erabiliko dute. Bidean sortu daitezkeen ezusteko desatseginak saihesteko, Julen Bilbao Nissan Gaursako mekanikariak hainbat gomendio nabarmendu ditu.

Udara begira, bidaia luzea egin aurretik zer gomendio emango zenuke?
Norberak egin dezakeena garrantzitsua da. Mailak begiratzea, esate baterako. Olioarena, izotzaren aurkako produktuarena, balazten likidoarena… Ura bota behar da haizetakoetarako, bidean aurki daitezkeen moskitoak edo zikinak kentzeko. Gurpilen presioa ere begiratu behar da. Pneumatikoa berotu egiten da ibili ahala eta presioak gora egiten du. Garrantzitsua da presio gutxiegi edo gehiegi ez izatea. Argiak ere begiratzea komeni da.

Tailerretik ere pasatzen da jendea?
Bai, azterketa egin daiteke; mekanika aldetik sakonagoa, gainera.

Kotxea egoki mantentzeko, zer egin behar dugu?
Aholkua izaten da fabrikatzailearen aginduei jarraitzea. Gure kasuan, Nissanen errebisioa urtebetera edo 30.000 kilometrora egitea gomendatzen dugu.

Jendeak behar bezala zaintzen du autoa ala arazoren bat duenean gogoratzen da tailerrera joateaz?
Denetarik dago, baina, orokorrean, jendeak ondo darama autoaren mantenua. Kotxeak hamar urte edo gehiago dituenean bezero askok etxe ofizialera ekartzen jarraitzen dute, ordezko pieza ofizialak eta eskulan kualifikatua gura dituztelako.  Horrela, kotxe horren bizitza luzatu gura dute.

Gurpilen mantenua berezia izaten da?
Normalean, 5 urtera zahartzen dira. Gurpilean bertan fabrikazio urtea jartzen du.

Urtean zehar zein gurpil mota aholkatzen duzue?
Onena neguan negukoak eta beste hileetan udakoak jartzea da. Maiatzetik urrira arte jartzen dira udakoak. Batez ere Gasteizera lanera doazenek jartzen dituzte negukoak. Kostaldean ibiltzen direnentzat, berriz, ez du merezi.  Hala ere, jende guztiak ez du zortzi gurpil edukitzeko ahalmena. Baina badaude batzuk urtaro guztietan erabili daitezkeenak.

Markako tailer bateko zerbitzu teknikoak ‘plus’ bat eskaintzen dio bezeroari?
Ipiniko zaizkion ordezko piezak ofizialak eta originalak izango direla bermatzen dugu. Beste tailer batera joanda, izan liteke ordezko piezak hemen erostea edo ordezko pirata izatea. Bestalde, Nissanen, esate baterako, beste zerbitzu batzuk ere eskaintzen dizkiogu bezeroari. Doako ordezko autoa eta bezeroaren garraioa, besteak beste.
Kotxeak geroago eta teknologikoagoak dira. Matxura bat konpontzeko, ia informatikaria behar da.
Guk ekipo teknologikoak ditugu konponketak egiteko, eta tresna hauek gure markarako bakarrik balio dute. Matxura hori konpontzeko sakonago heldu gaitezke.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!