"Auto hibridoak erabiltzea gozamena da; etorkizunean, auto ekologikoak baino ezingo dira ibili hirietan"

Aritz Maldonado 2018ko mai. 7a, 19:00

Koinatuak hala gomendatuta, Eñaut Balier Ugartek (Durango, 1973) auto hibridoa erosi zuen. Auto hauen ohiko erabiltzaileen adierazgarririk onena izan ez arren, erabakiagaz oso gustura dagoela aitortzen du durangarrak.

Noiz erosi zenuen auto hibridoa?
Orain zazpi urte, eta ordutik hona ez dut arazorik izan.

Zerk bultzatu zintuen auto hibridoa erostera?
Auto-etxe hobeak sartu zirela merkatuan irakurri nuen. Kontsumoa gutxiagotzen laguntzen zutela irakurri nuen, eta horrek bultzatu ninduen, batez ere. Egia esateko, auto hibridoak gozamena dira hirian ibiltzeko. Ez dute zaratarik ateratzen, eta automatikoak dira, gainera. Batez ere, zaratarik ez ateratzea dut gogoko.

Gustura, beraz?
Gasoildun autoek kontsumo maila jaistea lortu dute, baina oraindik ere motorraren zarata hor dago. Niri, egia esan, koinatuak proposatu zidan auto hibrido bat probatzea, hau [bere autoagatik] irten zenean. Bidaia nahikotxo egiten ditut autobidean,  eta, beraz, ez naiz auto hibridoaren adierazgarririk onena. Hala ere, adibidez, Sevillan (Espainia) hango taxi gidariei galdetuz gero, oso pozik daudela esango dizute. Han taxi guztiak Toyota Prius dira, eta lau litroko gasolina kontsumoa dute. Interesgarria iruditu zitzaidan. Gainera, auto hibrido batek ateratzen duen zaratak ez du zerikusirik ohiko autoek ateratzen dutenagaz. Beste alde batetik, hibridoek ez dute abiadura-kaxarik, eta, hortaz, egin behar duzun gauza bakarra azeleratzea eta balaztatzea da. Auto automatiko normal batean, azeleratzean igarri egiten da martxa aldaketa. Honelakoetan, ostera, ez. Niretzat jauzi bat izan zen auto automatikora igarotzea eta gama handiagoko auto batera salto egitea, eta oso pozik nago aldaketagaz.

Laguntzarik jaso duzu auto hibridoa erostearren?
Erakundeen aldetik laguntza batzuk jasotzen dira. Sustatzeko modu egokia da hau. Auto hibrido bat erosiz gero, ez da matrikulazio zerga ordaintzen. Horregaz batera, ‘auto ekologikoa’ dioen pegatina jasotzen duzu autoan jartzeko. Madril, Bartzelona eta hiri handietan sarrera mugatua delakoa ezartzen denean, pegatina hori dugunok ez dugu arazorik izango. Egongo dira desabantailak, baina ni oso pozik nago. Hirietan auto ekologikoak baino ezingo direla ibili aurreikusten da etorkizunera begira.

Distantzia luzeetarako arazorik ematen dute?
Batere arazorik ez. Beharbada, ez duzu gasolina kontsumo txiki bat izango. Normala den moduan, distantzia luzeetan gasolina kontsumoa igo egingo da; adibidez, autobidean joatean; Hala ere, ohiko autoekin ere berdina gertatzen da. Nire kasuan, 4x4 bat daukat, gurpil handikoa, eta autobidean noanean, 8-9 litroko kontsumoa dut. Ez da 15 litroko kontsumoa, eta gaitzerdi! Baina ez da kontsumo txiki bat. 120 kilometro orduko abiaduran joanez gero, nahiko kontsumitzen da, bai, baina 50 zaldiko motor elektrikoak lagundu egiten du kontsumo hori jaisten. Laguntza hori autoaren aginteetan ere ikusten da; bertan adierazten da motorraren indarra nola bideratzen den.

Uste duzu aldaketa errotik emango dela? Auto hirbidoek gainontzekoak ordezkatuko dituztela?
Nik ez dut aldaketa hori ikusten. Auto komertzial batek, adibidez, bidaia luzeetan 5-6 litro bitarteko kontsumoak lor ditzake dieselagaz, eta auto hibrido bategaz hori lortzea oso zaila da. Motorrak gasolinazkoak dira, eta hor dago lehenbiziko gakoa. Astiro, baina joango dira gauzak aldatzen: motor elektrikoak handitu ahala, gasolinazko motorrak txikituko dituzte. Eta hori ona izango da, hibridoak gasolinazkoak baino potenteagoak izatera iritsi ahalko direlako.

Zure esperientzia kontuan hartuta, auto hibridoa erostea gomendatzen duzu?
Ni pozik nago eta jendea animatuko nuke. Gero eta etxe gehiagok eskaintzen dituzte, gainera, eta horrek laguntzen du, bai kalitate aldetik, bai prezio aldetik. Auto elektrikoak nahiko mugatuta daude, bateriak kargatu behar direlako eta hori oztopo bat da gaur egun; ezin daitezke edozein lekutan kargatu, eta bidaia luze batean, beharbada, gaua bidean igaro beharko duzu, kargatu bitartean. Hibrido bategaz, ostera, edonora joan zaitezke arazo barik. Etorkizunean, ia etxe guztiek ibilgailu hibridoak eskainiko dituzte; horretarako ari dira lanean.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!