Ardosaltsan azokaren sortzaileetako bat dena, Yosemiteko (AEB) parke naturalean asteburu osoko catering bat prestatzen ikusi ahal izan genuen, adibidez. Oraingoan, bere jakin-minari bide emanez, Indian egon berri da, hango sukaldaritza sakonago ezagutzeko asmoz. Han ikasitakoa eta handik ekarritakoa hemengo sukaldaritzagaz nahastea da bere helburua, batez ere Eguensaltsan ekimenean eskaintzeko.
Uriberen lagun batek Special Olympics gobernuz kanpoko erakundean egiten du lan, eta hari esker egin du Indiara bidaia. Erakundearen Indiako ordezkariak gonbidatuta joan da, hark ere catering enpresa bat dauka eta. Horrela, enpresa horretako sukaldariekin elkartrukea lantzeko aukera eduki du. Delhin egon da, eta pozik bueltatu da han ezagututakoagaz. Hemengo sukaldaritzagaz alderatuta, desberdintasun handiak dituztela nabarmendu du. “Espezia asko erabiltzen dituzte, baina baita esneak, koko esnea, gurinak, fruitu lehorren pureak... Plater bat egiterakoan, hamazazpi espezia desberdin zenbatu nituen!”, azaldu du Uribek.
Han ikusi duena bere sare sozialetan eskegitzen joan da egunero. Plater hau, esaerako: “Dilistak eta babak nahastu, eta labe batean tenperatura baxuan gau osoz egiten dute. Gero, espeziakin nahastu eta gurina ere gehitzen diote”.
Eguenetarako ideiak
Eguenero Eguensaltsan izeneko dastaketa eskaintzen du Uribek; arrakasta handia dauka, abendura arte erreserbak agortuta daude eta. Bertan erakutsiko du Indian ikasitakoaren lagin bat. “Nire asmoa plater originalak egitea da. Igual espeziak ipiniko dizkiet, baina gurinik akaso ez; hori da fusioa, gure erara ipintzea”, adierazi du.