“Dozena bat film labur jasota pozik geundekeela esaten genuen eta kopuru hori bikoiztu egin dugu”

Joseba Derteano 2018ko mai. 6a, 10:30

Kirol irakaskuntzarako ikastetxe publikoak Kirolene Film Festival jaialdia antolatuko du maiatzaren 11rako, Durangon. Besteak beste, orain hile bi inguru abiatutako film laburren lehiaketako sariak banatuko dituzte. Kimetz Iturralde Kiroleneko irakaslea ekimeneko antolatzaileetako bat da.

Zenbat film labur aurkeztu dituzte?
30 bat jaso ditugu. Oinarriak betetzen dituztenen teaser-ak Kiroleneren webgunean ikusi daitezke.

Gustura zaudete lehiaketak izan duen harreragaz?
Bai. Dozena bat film labur jasota pozik geundekeela esaten genuen eta kopuru hori bikoiztu egin dugu. Lehiaketa eta jaialdia prestatzeak lan handia eskatzen du, baina izan duen erantzuna ikusita, merezi du. Pozik gaude.

Askok lehiaketa honen bidez jakingo zuten Kirolene Durangon dagoela.
Ni durangarra naiz eta ia sortu zenetik Kirolenerako lanean nabil. Durangon ez da askorik ezagutzen, hori egia da. Kanpora begira ezagutara eman gura genuen Kirolene eta, aldi berean, Durangori zerbitzu bat eskaini.

Maiatzaren 11rako antolatuko duzuen Kirolene Film Festival jaialdian banatuko dituzue sariak. Zer aurkituko du bertaratzen denak?
Sari banaketaren aurretik, Felipe Uriarte mendigoizaleak bere proiektuaren berri emango du Oxigenoa euskarari 6.000 metrotan ere hitzaldian. Gazte euskaldun batzuekin Himalayara joango da zeharkaldi bat egiten eta seimilako mendi bi igoko ditu. Euskal Herriaren eta sherpa herrialdearen arteko hartu-emanak indartzea du helburu. Hitzaldiaren ostean, sari banaketa izango da. Ekitaldia astuna izan ez dadin, bitan zatitu dugu, kaferako atsedenaldia hartuz. Ekitaldi dinamikoa izan dadin saiatu gara, eta gure babesleek emandako sari batzuk zotz egingo ditugu. Azkenik, luntxa egongo da denentzat. Ekitaldia Gatazka musikagileak girotuko du.

Aurreko egunean, maiatzaren 10ean, film laburren erakustaldia egongo da.
Bilbao Mendi Film Festivaleko lau film labur ikusi ahal izango dira, horietako hiru iaz saritu zituztenak. Eurak laguntzaile izan ditugu proiektu honetan. Ikus-entzunezkoen arloan eta ekitaldiak antolatzerakoan esperientzia dute eta eurengana jo genuen. Egueneko emanaldiekin ekimena egun bitara zabalduko dugu eta eskaintza oparoagoa izango da.

Sarrerak non eskuratu daitezke?
Durangoko Arte eta Historia Museoan lortu daitezke. Hiru euro da egueneko film laburren emanaldirako sarrera eta bost euro hurrengo eguneko jaialdikoa. Bigarren eguneko sarrera erosten duen bakoitzak Ordino-Arcalis estazioan eskiatzeko pase edo  forfait bat jasoko du erregalu moduan. Babesle bati esker lortu ditugu. Egun bietarako sarrera zazpi euro da.

Kirolenen neguko kirolen arduraduna zara. Zer eskaintza duzue arlo horretan?
Neguko kiroletako departamentuan modalitate bi daude: eski alpinoa eta snowboard-a. Mendi eta eskalada departamentukoekin sinergia estua dugu. Izan ere, goi mendia praktikatzen duenak mendiko eskian trebea izan behar du.

Sasoi batean, Valdezcary, Formigal, Ordino Arcalis eta beste hainbat eski estaziotan lan egin zenuen. Orain irakaskuntzan murgildurik zaude. Orduko bizimoduko zeren falta sumatzen duzu?
Lehen poz-pozik joaten nintzen alde batetik bestera, ordutegi finkorik barik. Hileak ematen nituen kanpoan. Baina, egia esanda, irakaskuntzak beste gauza batzuk ematen dizkizu.

Adibidez?
Zure jakintza eta esperientzia besteei transmititzea, esaterako. Ikasle batek ez badu gozatzen ez da bueltatuko. Eskolak ematen dituzten nire ikasleei esaten diet: “Gogoratu eskiatzen ikasi zenutenean zer suposatu zuen zuentzat, zer sentipen eragin zizkizuen”. Gaur egun, kirol irakaskuntzak badu metodologia bat eta horri gizatasuna gehitzen badiozu, ikaslea gustura etorriko da. Ni asebete egiten nau horrek. Adibidez, Formigalen eski klubeko arduraduna nintzen. Unibertsitateen arteko Universiada olinpiadak egin ziren eta herrialde askotako jendea etorri zen. Egun haietan aita-seme errusiar parea ezagutu nuen. Semea itsua zen, ez zekien ingelesez eta inork ez zituen hartu gura. Neuk irakatsi nion eta erronka bat izan zen. Astebetean hartu-eman itzela egin nuen biekin. Universiada hartan zer gertatu zen ia ez dut gogoratzen, baina aita-seme haiena ondo gogoan dut.

EGITARAUA
Maiatzak 10, San Agustin Kultur Gunea
• 18:30ean: Bilbao Film Festivaleko lau film labur: ‘Where the Wild Things Play’, ‘Mama’,
‘The Frozen Road’ eta ‘Safety Third’.

Maiatzak 11, San Agustin Kultur Gunea
• 17:00etan: Ateak irekiko   
   dira.
• 17:30ean: Felipe Uriarteren hitzaldia: ‘Oxigenoa euskarari 6.000 metrotara ere’.
• 18:00etan; Lehiaketako sari banaketa.
• 20:30ean; Cateringa,
Gora Goraren eskutik.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!