"Konponbidean aurrera egiteko berba egin behar da, eta eskuzabalak izan"

Anboto 2011ko urr. 28a, 09:19

2000. urtean Jesus Mari Pedrosa Durangoko alderdi popularreko zinegotzia hil zuen ETAk. Mari Carmen Hernández alargunagaz Anboton jarri dugu hitzordua, aro berri honen inguruan duen iritzia ezagutzeko.

Zelan ezagutu zenuen ETAk bere jarduna behin betiko uzteko erabakia?

Eguen arratsaldean telefonoz deitu zidaten elkarrizketa baterako, eta komunikatuaren zain zeudela esan zidaten. Ezagutzera ematerakoan, berriz ere deitu zidaten. Horrela jakin nuen albistea.

 

Zelan hartu zenuen berria?

Pozik hartu nuen. Nire senarra hil aurretik, 1999an su-etena izan zen, eta ondoren, 2000 urtean, hautsi egin zen. Sasoi hartan zeozertara heltzeko esperantza nuen. Su-eten bakoitza hausten joan den esperantza izan da, baina oraingoan ezberdina dela dirudi. Behin betiko izango dela esatean, berba sinestu egiten dut, eta amaitu egin dela esan gura duelakoan nago. Beraz, beste batzuetan baino esperantza handiagoa daukat.

 

Senarrari gertatutakoa gogora ekarri zizun?

Bai. Sasoi hartan bera ere su-etenagaz ilusionatu zen. Ez zuen bizkartzainik gura. Ez zuen ezer gura. Bera zerrenda batean zegoen, eta errazena zen berak beti ibilbide bera egiten zuelako. Mehatxatua zegoen. Oraingoan pozik nago, egoera horretan zeudenengatik, enpresariengatik eta beste pertsona batzuengatik ere bai.

 

Biktima berbagaz identifikatuta sentitzen zara?

Ez naiz biktima moduan identifikatua sentitzen. Hiltzen den pertsona da biktima; beraz, biktima baten senitartekoa izango nintzateke. Ez zait berba hori gustatzen, eta eurekin egon naizen beste askori ere ez. Talderen batean egon izan naizean, ez dugu beste berbarik topatu, eta gai honen inguruan jardun dugunean komatxoen artean utzi dugu.

 

Egunotan, biktimen inguruan berba asko egin da han eta hemen.

Erabilia sentitu izan naiz. Orokorrean denok, uste dut. Klase politikoari interesatzen bazaio, biktimak parapeto moduan jartzen ditu aldarrikapenen baterako, eta beste batzuetan baztertu egiten ditu ez zaielako interesatzen. Euskaldunan biktimen omenaldia antolatu zutenean, lehenengo aldian ez nintzen joan, omenaldiak orokorrean ez zaizkidalako gustatzen. Bigarrenean joan nintzenean, Maixabel Lasari esan nion saiatzeko azkena izan zedin. Denok ez gaudela hor deritzot.

 

Norekin identifikatzen zara orduan?

Sufrimendua sentitzen duen edonorekin. Gertutasuna sentitu dut GALen eta Batallon Vasco Navarroren biktimen senitartekoekin. Terrorismo batek zein besteak sortutako sufrimendua berdina da. Identifikatzen gaituena sufrimendu hori da. Giza eskubideen edozein urraketekin identifikatzen naiz. Giza eskubide guztiak berdin errespetatuak izan beharko lirateke.

 

Elkarbizitza eta adiskidetzearen inguruan zer iritzi duzu?

Garrantzitsua da. Lehenengo pausoa eman dugu, eta bidea luzea izango da, baina berbagaz eta errespetuagaz egingo dugu. Minen bat eragin duena damutzea ontzat emango nuke. Nik neuk hasieratik barkatu nuen, neure burua askatzearren. Ez dut inork barkamena eskatzerik behar.

 

Oraindik pauso asko eman beharko dira.

Orain berba egin behar da, eta oso eskuzabalak izan. Besteenganako errespetua eta entzuten jakitea ere bai. Jendearen artean pauso txikiak eman daitezke. Gogoz, heldu daiteke horretara.

 

Zer irudituko litzaizuke presoen hurreratzea?

Sekula ez naiz dispertsioaren aldekoa izan. Gertu egon zitezkeen, eta familiek sufrimendu gutxiago izan.

 

Elkarrizketaren aldekoa zara?

Politikariekin desilusionatuta egon naiz beti. Eurek interes asko dituzte. Gainera, berba egiten lehenago hasi zitezkeen denak. Zentzugabekeria handia izan da. Sufrimendu handia eragin dute alde guztietan. Estatu demokratiko batean, hobea edo txarragoa izanda ere, dena berbagaz konpontzea da onena. Aldarrikapen horiek beste modu batean egin zitezkeen. Gauzak beste modu batean eraman balituzte... Alde guztietan sufrimendu handia eragin du.

 

Bateginez GKEan diharduzu.

Nire baitarako asko ematen dit. Jesus Mariri gertatuaren ondoren, ardura bat hartu eta beharra dutenengatik zeozer egiteak lagundu egin dit.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!