“Ateak zabaltzea beharrezkoa da gure ohiturak ezagutzera emateko”

Markel Onaindia 2018ko mai. 4a, 12:45

Ba al zenekiten Durangon ere chirigota bat egon zela sasoi batean? Andaluziarren elkarteko presidente Belen Piñeroren (Durango, 1972) aita izan zen talde horren sortzaileetako bat. Hain justu, astebururako antolatu duten Andaluziako Azokaren prestaketetan murgilduta dabil alaba. Bazkideei deiak egin, nebari egitarauaren diseinua eskatu, barra muntatu... Gaur 19:30ean zabalduko dituzte ateak Landako Gunean, domeka arratsaldera arte. Piñero Durangon jaioa da; euskara darabil ahoan, eta Cadizeko giro beroa odolean. 

Zergatik antolatzen duzue azoka? Zein da zuen asmoa?
Gure kultura zabaltzen jarraitzea da gure helburua, jendeak ezagutu dezan eta parte hartu dezan; horrela, integrazioa sustatu dadin.

Landako Gunera joatera animatzen denak, zer topatuko du?
Dantza asko! Gure feria dantza da. Aurtengo nobedade nagusia paella-jana izango da, zapatuan. Goizean sevillana lehiaketa eta arte martzialen erakustaldia egongo dira, eta arratsaldean folklorearena, bai kanpokoena bai gure elkarteko taldeena. Gaur ere nahiko indartsu hasiko gara, moda flamenkoaren desfileagaz eta jantzi baten zozketagaz.

Zein izango da zuretzat ekitaldirik gustukoena?
Ez da erraza, gauza bakoitzak bere erakarmena duelako. Niri dantzak gustatzen zaizkit batez ere; oso dantzaria naiz. Pentsa, Kurutziaga ikastolako sukaldean egiten dut lan, baina udal kiroldegian ere zumba, gimnasia eta bestelakoak irakasten ibiltzen naiz.  

Zuen elkartean ikastaro zabalak eskaintzen dituzue, herrira zabaltzeko asmo horren adibide.
Bai. Ateak zabaltzea beharrezkoa da gure ohiturak ezagutzera emateko. Gero, gauza asko eskaini behar dituzu, jendea erakarri ahal izateko. Sevillanen oinarrizko ikastaroa eta garatuagoa ematen ditugu, flamenkoa, kriskitinen inprobisazioa, ikastaro intentsiboak... Azoka osteko hurrengo asteburuan runba flamenkoaren ikastaro intentsiboa ere antolatuko da. Umeentzat ere ikastaro berezi bat sortu gurako genuke; adin zailean daude, eta kultura transmititzeko beharrezkoa da lanean jarraitzea.

Zu, jaiotzez, hemengoa zara, ezta?
Ni Durangon jaioa naiz, Alde Zaharrean, Artekalen. Nire ama Errioxakoa da eta aita Cadizkoa zen. Txikitatik joaten izan naiz Cadizera. Aitaren anaia dago han, baina, horrez gainera, inguru hura gustatzen zaidalako ere joaten naiz. Paradisu bat da niretzat; asko lasaitzen nau hango energiak.  

Eta zelan egin zenuen harremana Durangoko andaluziarren zentro kulturalagaz?
Nire aita zentrora joaten zen. Durangoko chirigotako zuzendaria izan zen 80ko hamarkadan, eta 8 bat urtez egon ziren taldeagaz. Hasieran lagun pilo bat zebiltzan, hamabost bat uste dut. Gaur egun 73 bat bazkide gara elkartean, eta 11 lagun gaude zuzendaritzan. Durangoko andaluziarrik gehienak nagusiak dira.

Azken urteetan asko berba egin da andaluziarrez eta euskaldunez.
Topikoak batzuetan gezurrak dira, bai hangoak eta baita hemengoak ere. Gehiegizkoak. Alde batetik, ondo dago, iparra eta hegoa lotzen dituelako. Gainera, hemengo jende piloa joaten da, adibidez, Cadizera. Kaletik bazoaz, hemen baino euskara gehiago entzuten da kasik. Hala ere, izateko era desberdinak ote diren edo ez, sentsazio hori pertsonala dela uste dut.

Dena ez da umorea. Integrazio arazorik izan zenuten?
Nik ez nuen ezer igarri. Nire aitak eta ingurukoek baietz imajinatzen dut. Sasoi hartan, elkartetik zerbait egin eta eurek bakarrik joaten ziren, familiak eta ingurukoak. Orain desberdina da.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!