Belen Piñero elkarteko presidenteak aurkeztu du egitaraua, Aitziber Irigoras alkatearen babesagaz. Hurrengo barikuan 19:30ean zabalduko ditu ateak azokak, eta hasierako ekitaldian Kriskitin taldeak ere parte hartuko du, 20:15ean, andaluziarren elkarteko dantzariekin batera. Jarraian, pintxopote berezia iragarri dute, kutsu andaluziarrekoa. 21:15ean moda flamenkoaren desfilea egongo da, eta nobedade lez, jantzi flamenko baten zozketa egingo dute.
Kultura flamenkoaz aparteko ekintzak ere prestatuko dituzte. Esaterako, hilaren 5ean, 12:00etan, Kick Boxing eta bestelakoen erakustaldia egingo dute Laureano Lararen taldeagaz.
Taldeen emanaldiak
Zapatuan bazkariak eta afariak eskainiko dituzte, eta aipatzekoa da 17:30ean alarde folklorikoa egongo dela, Kriskitin, Zambra (Lasarte) eta Laune (Ermua) taldeekin. Azokako ekitaldi esanguratsuenetako bat domeka eguerdian izango da, 13:00etan: zentro kulturaleko tailerretan dabilen jendea taula gainera igoko da.