Azken partidua. Igotzeko hautagai biak, Balmaseda eta Kulturala, elkarren kontra. Gainera, etxetik kanpora jokatu behar. Tentsio handiko partidua izan zen?
Balmasedako zaleek presio handia sartu zuten. Irainak ere entzun genituen tarteka. Baina guk lan ona egin genuela uste dut. Kontzentrazioari eutsi genion eta, azkenean, gure helburua lortu genuen.
Husna berdindu zenuten eta puntu bat nahikoa zen zuentzat. Markagailuak iradokitzen duen moduan, aukera gutxiko partidua izan zen?
Bai. Partidu ia osoa zelai erdian jokatu zen. Balmaseda area kanpotik saiatu zen. Guk partidu hasieran eta amaiera-amaieran pare bat aukera izan genituen. Baina, oro har, aukera gutxiko partidua izan zen.
Berdinketa nahikoa zela jakiteak jokamoldea baldintzatu zizuen?
Hasiera batean, ez. Gol bat sartu gura genuen, kosta ahala kosta. Bagenekien berdinketaren bila zelairatzea arriskutsua zela. Jakina, partidua aurrera doan heinean… azken minutuetan dena emanda defendatu genuen berdinketa.
Hil ala biziko partidu hori jokatu behar izan zenuten, azken batean, aurreko jardunaldian ez zinetelako kapaz izan etxean Gernika menderatzeko. Bigarren zatia eskasa izan zen. Zer gertatu zitzaizuen partidu hartan?
Arin aurreratu ginen, Inaxio Mentxakaren golari esker. Lehen zatian Gernikak ez zuen arriskurik sortu. Horregatik, edo ez dakit zergatik, bigarren zatian behar adinako intentsitaterik barik irten ginen eta garesti ordaindu genuen. Bost minutuan partiduari buelta eman zioten. Eskerrak azken unean Unai Iruarrizagak berdinketaren gola sartu zuela. Azkenean, puntu bat salbatu genuen.
Beharbada, partidu horretako okerrena izan zen igoera zaleen aurrean ospatzeko aukera galdu zenutela.
Hori izan zen mingarriena. Markagailuan aurreratu ginenean gertu ikusten genuen, eta zaleak ere asko animatu ziren. Baina, azkenean, ezin izan genuen lortu.
Zure ibilbideko lehen igoera da?
Bai. Azken urteetan, Kulturaleko gazteen taldeak birritan galdu du maila, eta iazko jaitsieran ni zein beste taldekide batzuk geunden. Bagenuen geure buruagaz zor moduko bat. Iaz txarto pasatu genuen. Jokalari gutxi geunden, 16 bat. Alderdi fisikoak lagundu zigun bitartean eutsi genion, baina azken partiduetarako nekea nabaria zen, batez ere bigarren zatietan.
Datorren urtean ezingo duzu gazteen Nazional Mailan jokatu, adinagatik. Pena ematen dizu aurtengo lorpenagaz ezin gozatzeak?
Ba, bai, pena handia ematen dit. Aurten egin dugun lan guztiaren ostean, gustatuko litzaidake lortutakoa defendatzea.
Atzetik datozenei erronka polita bezain zaila utzi diezue.
Euskal Ligatik Nazional Mailara alde handia dago. Nazionalean minutu batean distraitu eta hiru gol sartzen dizkizute. Erritmo ikaragarrian jokatzen da. Baina oso kategoria polita da eta datorren urtean taldean daudenek lan ona egingo dutela uste dut. Zorterik onena desio diet denei.
Bigarren taldeak eta zuek igoera lortu duzue eta nagusiak liga irabazteko zorian daude.
Aurtengo denboraldia ikusgarria izaten ari da klubarentzat. Bigarren taldea eta gazteak igota, bihar nagusiak animatu beharra dago liga irabazi dezaten. Puntu bakarra falta zaie.
Nagusiek etxean jokatuko dute. Zapatuan, 19:00etan, izango da, Deusturen aurka. Tabiran izango zara partidua ikusten?
Bai, eta jende asko etortzea espero dut. Klubarentzat eta zaleentzat lorpen handia litzateke Hirugarren Mailako Liga irabaztea.
Zuk non ikusten duzu zure burua hurrengo denboraldian?
Lehenengo taldera igotzea oso gaitza da, baina badut esperantza Erregional Mailakora batzeko. Ezinezkoa bada, beste talde bat aurkitzen ahaleginduko naiz. Futbola afizio bat baino gehiago da niretzat.
Zerbait gehitu gura duzu?
Aitor Azpitarte eta Aitor Maiztegi gure entrenatzaileei eskerrak eman gura dizkiet. Kontu pertsonalengatik ez dute denboraldia gugaz amaitzerik izan, baina eurak barik ez genuen lortuko. Eta eskerrak azken partiduan gure entrenatzaile izan ziren Joseba Aranari eta Jose Antonio Sanchisi ere. Gurasoen lana ere goraipatu gura dut, beti guri laguntzen egoten direlako.