Trenbideko planaren maketa ez dute ekarriko, baina informatzeko eskatu dio udalak jaurlaritzari

Markel Onaindia 2018ko api. 26a, 10:02

2006an landu zuten Durangon trenbideko lurrak birpartzelatzeko plan berezia, eta hainbat urteko atzerapen eta gorabeheren ostean, aurtengo otsailean eman dio udalak behin-betiko onarpena.

Durango Operazioa lez ezaguna zen hasierako asmo hartatik, Euskotren egoitza zentrala izateko eraikina ez da egingo, baina badirudi gainerako guztiak bere horretan segitzen duela. 55.000 metro karratuko gune horretan, martxan dagoen estazio berriaz aparte, bost etxe dorre eta babeseko beste bloke bat eraikitzea aurreikusten da –guztira 554 etxe–; baita aisialdirako eremu bat eta izaera erlijiosorako espazio bat ere. Kontua da, urteotan izandako gorabehera eta iritzien ostean, ez dagoela argi zer proiektu garatu gura duten bertan udalak eta Eusko Jaurlaritzak –berez, jaurlaritzaren lurrak dira–. 

Egoera hori ikusita, planaren maketa Durangora ekartzea proposatu du osoko bilkuran EH Bilduk, herritarrek ezagutu dezaten. Herriaren Eskubideak begi onez ikusten du proposamen hori, eta gainera, proiektuaz kontsulta antolatzea eskatu du. Baina EAJ, PSE-EE eta PPren ustez maketa hori denboraz iraungita dago, eta ez dute mozioa babestu. Bai, ostera, gobernuko alderdi biek aurkeztutako alternatibo bat, Eusko Jaurlaritzari herritarrak informatu ditzala eskatzen diona.

Eremu erlijiosoa
Bestalde, espazio horretan aurreikusten den funtzio erlijiosoko eremuaz ere mozioa aurkeztu du EH Bilduk. 2013an, Bildu eta Aralarren eskariz, funtzio hori kentzea onartu zuen udalak, baina gobernuak oraindik ez du aldaketarik gauzatu. Gaia berriro onartu dute EAJ, EH Bildu, PSE-EE eta Herriaren Eskubidearen botoekin -PP kontra-. Hala ere, EH Bilduk proposatutako beste puntu bi ez dituzte onartu: moldaketa hilabeteko epean egitea eta herriko "ekipamendu gabezien" inguruko hausnarketa egitea. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!