Agur errugbi eskolari, kaixo nagusien taldeei

Joseba Derteano 2018ko api. 26a, 09:00
Bambino errugbi eskolako gazteak behean eserita eta DRTko jokalariak atzean, iazko irailean egindako aurkezpen ekitaldian.

Adin batera heltzean, DRTko gaztetxo askok etapa bat amaitu eta beste bat hasten dute urtero: Bambino errugbi eskolatik nagusiagoen talderako saltoa ematen dute. Eurei bideratuta, topaketa berezi bat antolatuko dute zapatu honetan lehenengoz eta urte birik behin errepikatzeko asmoa dute.

Aurtengo lehenengo aldia 2004 eta 2005 urteetan jaiotakoei bideratuta dago. “Asmoa da despedida ekitaldia izatea errugbi eskola utzi eta klubeko jokalari izango direnentzat; agur esateko modu bat, baina errugbi zelaian gozatzen jarraituz”, azaldu dute DRTko kideek ohar batean.

Zapatu honetan, 11:00etan, batuko dira Durangoko Arripausuetan. La Unica (Iruñea), Cisneros (Madril), Gaztedi (Gasteiz) eta Independiente (Santander) taldeak gonbidatu dituzte.

Topaketa honek berezitasun bi izango ditu. Batetik, ez da markagailurik egongo, beraz sailkapenik ere ez; horrekin jokariak jokoaz baino ez daitezen arduratu lortu gura dute. Bestetik, taldeetako batek, Barbarians-ek, edizio honetan Bambinarians izenez jardungo du, eta talde guztietako jokalariek osatuko dute. Halaber, Bambinarians taldearen partida bakoitzean, jokalari guztiak ariko dira zelaian, txandaka.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!