Mutilen taldeak esaterako bigarren urtez jarraian podiumeko maila gorenera igotzea lortu du, sailkapen orokorra osatzen duten 20 probetatik zortzitan garaipena eskuratu ostean. Damián Aresek luzerako proban lortu du garaipena, Mikel Fernandezek eta Eneko Lanbarrik 400 hesietan, Tito Garciak pertigan, Oier Ariznabarretak 3000 metrotan, Joseba Arranzek 200 metrotan, Joseba Ogizak xabalinan eta Javier Soberak mailuan. Horrez gain, Durango Kirol Taldeko atletek sei bigarren postu lortu dituzte.
Emakumezkoen taldeak, berriz, bigarren postua eskuratu du Bizkaiko txapelketan. "Garaipena lortzeko aukera izan dugun arren, proba batzuetan parte ez hartzeak bigarren postura eraman gaitu", adierazi dute Durango Kirol Taldekoek. Saioa Telleriak 5.000 metro martxan lortu du garaipena, Priscila Beitiak luzeran, Ainara Mugartegik 400 hesietan eta Garazi Sampedrok 3000 oztopoetan. Durango Kirol Taldekoek aitortu dutenez, asteburuko emaitzekin denboraldiko helburuak "behar bezala" bete dituzte.
Bestalde, ekainerako eta uztailerako Durango Kirol Taldeak 6 urtetik 12 urtera arteko gaztetxoentzat udalekuak antolatu dituela jakitera eman dute. Bertan parte hartu gura dutenek, maiatzaren 31ra arte izango dute aukera izena emateko.