“Inoiz ez dut neure burua itsusitzat eduki, eta kameraren aurrean ondo sentitzen naiz”

Aitziber Basauri 2018ko api. 23a, 16:30

Maiatzaren 5ean erabakiko dute nor den Mister Espainia, eta han lehiatuko da Jon Vaquerizo Parada (Lemoa, 1991). Modan jardutea du amets, eta aukera honek ateak zabaltzea gurako luke. Esperientzia horretatik ahalik eta gehien ikastea du helburu atletismoan eta futbolean jarduten duen gazte lemoarrak.

Noiz murgildu zinen modaren eta edertasunaren mundu honetan?
Orain bost bat urte hasi nintzen castingetara aurkezten. 17 urtegaz Mister Bizkaia izateko aurkeztu nintzen, baina ez nuen aukerarik izan; aurretik castinga pasatu behar zen. Mutiko bat nintzen. Gero, 21 urte izan arte ez nintzen bestelako edertasun lehiaketetara aurkeztu. Ordutik aurrera, mundu honetan sartuta nabil.

Beti gustatu zaizu moda mundua?
Bai. Umetan amagaz batera ikusten nituen edertasun lehiaketak. Moda mundua betidanik iruditu zait interesgarria.

Mister Bizkaia zara urtarriletik. Maiatzean, Mister Espainia izateko lehiatuko zara. Nola ari zara prestatzen?
Azkenaldian, batez ere, gimnasioan gogor ekiten ari naiz. Janari kontua ere asko zaintzen nabil. Eguna ondo hasiz gero, ondo doa dena, baina eguna aldrebestuta hasiz gero... Tabernan egiten dut lan, askotan gauez, eta ordutegiak aldatu egiten dira. Fisikoki ondo egoten saiatu behar dugu eta pasarelan praktikatu egin behar dugu. Desfilatzea oso garrantzitsua da.

Beraz, modu berezian zaintzen duzu elikadura.
Bai. Ondo gosalduta hasten dut eguna; ostetik, gehienez hiru orduro jaten dut. Nahiko kaloria hartzen ditut, baina garbiak. Futbolean ere jokatzen dut eta, gimnasioan ere banabilenez, kaloria asko erretzen ditut. Behar den beste kaloria hartu ezean, pisua galduko nuke. Gorpuzkera hobetzea eta lantzea da kontua. Silueta on eta nabarmendua lortzea.

Zaila da gorpuzkera hori lortzea?
Inoiz ez naiz izan loditzekoa. Beti jan dut gura izan dudana. Baina argi dago hobeto janez gero gorputzak hobeto erantzuten duela. Tabernan lan eginda, beti dut eskura jatekoa, edatekoa... baina, azkenaldian ezer ukitu gabe nabil eta igartzen da, bai!

Zornotzako Aitor Candelasegaz lehiatuko zara, Mister Gipuzkoagaz.
Bai, lagunak eta lehiakideak gara, baina ondo daramagu kontu hori. Batak edo besteak irabazi, berdin poztuko gara. Urte askotako lagunak gara, betidanik ezagutzen dut.

Aukerarik ikusten duzu Mister Espainia izateko?
Beti dago aukera. Badakit oso zaila dela. 52 partaide gara, dena emateko prest. Baina behin loteria-ontzian egonda, aukera hor dago.

Zer da kontuan hartzen dutena? Mutil edertzat duzu zure burua?
Aurpegiera, igual. Inoiz ez dut neure burua itsusitzat eduki, eta argazki kameraren aurrean ondo sentitzen naiz. Fotogenikoa naizela esan didate. Pasarelan, berriz, ez nuke jakingo esaten zehatz zer hartzen duen kontuan epaimahaiak.

Zeintzuk dituzu indarguneak?
Bainu-jantziagaz desfilatzeko, fisikoki lan ona egiten ari naiz , eta azken egunetan gehiago landuko dut. Argazkietan ere izan dezaket aukerarik. Baina ondo landutako gorputzak egongo dira! Gustu kontua ere bada.

Baduzu konplexurik?
Handicap lez, igual, altuera. 1,82 zentimetrogaz, minimoen azpitik nago; 1,85-1,90 zentimetro eskatzen dituzte. Apur bat altuagoa banintz, hobeto, baina dena ezin daiteke.

Andra eta gizonen edertasun lehiaketen artean, aldea handia da?
Lehenengoz noa, ez dakit. Andren edertasun lehiaketek oihartzun gehiago dute, bai, baina hori orekatu gura dute. Moda emakumezkoen mundua da: gainerako sektoreetan gertatzen denaren kontra, lan berdinagatik gehiago irabazten dute. Baina gizonak gero eta gehiago zaintzen gara, gehiago kontsumitzen dugu eta bide horretatik oreka lortu gura delakoan nago. Baina bide luzea dago egiteko.

Moda argi-itzalak dituen mundua dela diote. Zer uste duzu?
Ez dut aukerarik izan argi-itzal horiek ezagutzeko. Lan gutxi egin dut eta ez dakit esaten. Hala ere, presioak ez dit estuasuna sortzen. Ez dut uste arazorik izango nuenik gustuko ez dudanari, merezi ez duenari, ezetz esateko.

Baduzu erreferenterik?
Jon Kortajarena bertakoa izanik, asko fijatzen zara; naturala ematen du. Iragarkietako modeloei begiratzen diet asko, pasareletan ez naiz hainbeste fijatzen. Argazkietako modelo lez nahiko nuke lan egin.

Familiak, lagunek, zer diotsue?
Familiak beti lagundu dit. Lagunek ere bai, askotan adarra jo arren. Badakite mundu honetan sartu gura dudala eta aurrera egingo dudala. Kanpotik erraza dirudien arren, dedikazioa eta ordu asko eskatzen ditu modak, baina asko gustatuko litzaidake horretan lan egitea. Tabernan inoiz esan didate bezero batzuek, “kontuz, hemen dago Bizkaiko ederrena”. Broma asko egiten dituzte gaia dela-eta!

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!