Txoritxu Alai: Mende erdi eman dute Durangoko umeak dantzan jartzen

Aritz Maldonado 2018ko api. 20a, 17:20

50 urte igaro dira Txoritxu Alai dantza taldea sortu zenetik, eta egun osoko egitarauagaz ospatuko dute zapatuan.

Umeei euskal dantzak erakusteko asmoagaz jaio zen Txoritxu Alai dantza taldea, orain mende erdi. Tronperri dantza taldearen inguruan zebilen lagun talde baten ekimenez jaio zen, umeak trebatzeko zegoen gabeziaz arduratuta. “Garai hartan gabezia hori nabaria zen, baita inguruetako herrietan ere, eta hori aldatzeko gogoz jaio zen taldea”, azaldu du Jokin Garitaonandia zuzendari batzordeko kideak. 

Egun osoko egitarauagaz ospatuko dute 50 urteko ibilbidea, eta kalejira bategaz abiatuko dute. “Jendea dantzan egitera animatzea da gura duguna”, dio Garitaonandiak, kalean daudenei ere dantzariekin bat egiteko deia eginez, bide batez. “Dantzari ohiak zein kalean egongo direnak ere batu daitezela gura dugu”, gehitu du Leire Renovalesek. Renovalesegaz eta Garitaonandiagaz batera, Lorena Urienek eta Janire Quevedok osatzen dute zuzendaritza batzordea. Ostean, Plateruenean bazkalduko dute, 100 bat lagunek. Arratsaldean, taldearen ibilbidea laburbilduko dute, argazki erakusketa bat eginda. Akerbeltzegaz dantzan amaituko dute eguna. 

Gorabeherak eduki arren, osasuntsu ikusten dute Txoritxu Alai taldekideek. Bere garaian, 2.000 bazkide inguru izatera iritsi ziren (1.000 ume eta 900 bat heldu). Orain, 200 bazkidek osatzen dute Txoritxu Alai; horietako 70 dantzariak dira (50 umeak eta 20 nagusiak). “Gu pozik gaude, Durangon, hiru dantza taldegaz, ez da gutxi”.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!