Igoera fasea segurtatuta, liga irabazteko lehenengo aukera du asteburuan Durangoko Kulturalak

Anboto 2018ko api. 21a, 09:00

Kulturalak Azkoitian irabazten badu, eta Portugaletek Basaurin galdu, ligako txapeldun izango dira durangarrak.

Durangoko Kulturalak Hirugarren Mailako liga txapelketa irabazi dezake asteburu honetan. Matematikak errealitate bihurtzeko lehenengo aukera izango da. Emaitza bi eman behar dira hori gertatu dadin. Kulturalak hiru puntuak batu behar ditu Azkoitiara egingo duen bisitan, eta Portugaletek, aldiz, esku hutsik itzuli behar du Basauritik.

Emaitza horiekin liga txapeldun litzateke Durangoko taldea. Edozelan ere, ezingo lukete lorpena zelaian ospatu, Kulturalak zapatuan jokatuko duelako eta Portugaletek, aldiz, domekan.

Talde batak zein besteak irabazteko partiduak dituzte. Sailkapeneko behealdean dabiltzanen kontra jokatuko dute. Hala ere, ez dago fidatzerik. Kulturalak ondotxo ikasi zuen ikasgai hori joan zen asteburuan. Etxean eta Getxo azken-aurreko sailkatuaren kontra, bana berdindu zuen. Zulotik irteteko puntu beharrean zetorren, eta partidua amaitzeko lau minuturen faltan berdindu zuten partidua. “Ez dago partidu errazik gure mailan. Errazak ematen dutenak ere zailak dira. Gainera, lider gaude dinamika positibo bategaz, eta aurkarientzat balio erantsi bat da guri irabaztea. Motibazio handiagaz jokatzen dute”, adierazi du Igor Nuñez Kulturaleko entrenatzaileak. Aurkarien motibazioa ulertzekoa da azken 30 puntuetatik 28 batu dituen taldearen kontra.

Igoera fasea, lotuta

Liga amaieretan nagusitzen den ohiko tentsioaren barruan, Kulturalak badu Portugalete baino lasaiago egoteko arrazoi bat: dagoeneko segurtatu du igoera fasea. Geratzen diren partidu denak galduta ere, fase horretan egongo da, eta ez da gutxi. Hala ere, liga irabazteak abantaila handi bat du. Ondoren, kanporaketa bakar bat gaindituz gero, Bigarren B Mailara igoko litzateke. Galduz gero, aldiz, bigarren aukera bat izango luke.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!