Plateruenak 80ko hamarkadako punk doinu gordinetara egingo du jauzi

Aritz Maldonado 2018ko api. 20a, 09:50

Etsaiakeroak eta Pako Eskorbuto taldeek garaiko klasikoak berreskuratuko dituzte gaur.

 

Kasualitatez sortutako ideia bat penintsula zeharkatuko duen bira bilakatu dela aitortu du Etsaiakeroak taldeko Auo abeslariak. Hain zuzen ere, Plateruenean abiatuko da, gaur, Etsaiak taldearen errautsetatik jaiotako taldeak eta Pako Eskorbutok egingo duten bira. “Banekien berriki Pako Latinoamerikan ibilia zela taldeagaz, bere garaian gu ibili ginen bezala. Edukitako esperientzia bikainez berbetan hasi, eta elkarregaz zerbait egiteko aukera itzela litzatekeela pentsatu genuen”, adierazi du Etsaiakeroak taldeko kideak. Pentsatu eta ekin. Galizia, Herrialde Katalanak, eta Madril bisitatuko ditu birak, besteak beste. Gogotsu daude talde biak erronka berri honen aurrean. “Lan berriaren aurkezpen kontzertu batzuk ere eskaini ditugu . Azken hilabete bietan, baina, bira honetarako jo eta su entseatzen egon gara”.

Kontzertuan, Etsaiakeroaken abestiak Etsaiaken klasikoekin uztartuko dituzte lekeitiarrek. “Garai zaharrak gogoratuko ditugu, noski. Izan ere, badakigu hasierako garaietako jarraitzaileak zein zale berriak etorriko direla kontzertuetara”. Etsaiakeroak eta Pako Eskorbutogaz batera, El Exterminio de la Raza del Mono taldea arituko da.

Durangar bat Etsaiakeroekin 
Etsaiaken errautsetatik jaiotako taldeak Lur Errebeldean lana kaleratu zuen iazko Durangoko Azokan. Doinu pisutsuagoak jorratzen dituzte bertan, eta, hein handi batean, norabide aldaketa hori Jon Estankona bateria-jotzaile durangarraren eragina izan dela aitortu du abeslari lekeitiarrak. “Jende askok esan digu disko berrian Sepulturaren eta antzerakoen ukitua dutela abestiek. Jon horien zale amorratua da, baita bateria-jotzaile oso ona ere, eta horrek eragina izan du abesti berrietan”, dio Auok. 

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!