Durangoko rokodromo berria herritarrei irekita egongo da martitzenero

Joseba Derteano 2018ko api. 13a, 16:00

Hitzarmena sinatu duten unea.

Landako kiroldegi zaharrak azpialdean duen espazio zabaleko 358 metro karratu egokitu dituzte eta Ourdaybi elkarteak hantxe jarriko du rokodromoa. Durangoko Udalak eta Ourdaybik sinatutako hitzarmen baten ondorioa da.

Durangoko Udalak hitzarmena sinatu du mendizaletasuna eta piraguismoa sustatzeko Ourdaybi elkartearekin. Akordio horri esker Durango Kirolakek Landako kiroldegiko lokal bat utziko dio Ourdaybiri eta elkarteak bertako rokodromoa herrira zabalduko du astean behin.

Hitzarmena Durango Kirolakeko presidente Pilar Riosek eta Ourdaybi elkarteko ordezkari batek sinatu berri dute. Klausuletan ageri denez, udalak utzitako lokalean elkarteak rokodromo bat ipiniko du, eta berori zabalik egongo da herritar guztientzat asteartetan, 18:00etatik 21:00etara. Denbora tarte horretan Ourdaybik begirale bat ipiniko du rokodromoko jarduerak eta instalazioaren erabilera egokia zaintzeko.

Durango Kirolakeko presidente Pilar Rios pozik agertu da hitzarmenarekin. “Aisialdiko jardueren inguruan gazteek dituzten premiei jarduerei erantzungo die, eta adin guztietako herritarrentzat ere onuragarria izango da, rokodromoa denentzat zabalik egongo baita”. Durango Kirolakeko presidentearen berbetan, “Durangon aisialdi eskaintza zabala eskaintzeko lan egiten dute elkarteek eta udalak eurekin elkarlanean dihardu”.

Landakoko lokala egokitzeko obrek 56.624 euroko kostua izan dute, eta Ingukon enpresa ibili da behar horiek egiten. Lan horien bidez, 358 metro karratuko gune diafano bat egokitu dute; bertan, Ourdaybi elkarteak Boulderrean edo blokean eskalatzeko lekua izango du.

Landakoko lokal horren aurretik, Ourdaybik Tabirako kiroldegi zaharrean zeukan lokala, udalak utzitako leku baten. Lokal haren egoera txarra zen eta berori husteko gomendatu zioten.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!