Goiz erdian egin arren, ez da gosari bat, ezta bazkari bat ere. Bien arteko zerbait da, breakfast (gosaria ingelesez) eta lunch (bazkaria) berben baturatik datorrena. Izan ere, Ingalaterrako tradizio gastronomikotik datorren otordua da. Hauxe da Mikeldiko bruncherako plana: 11:00etatik 13:00etara bitartean, eta giro lasaian, gazitik eta gozotik aukera anitza duen buffet bat: zukuak, ogi ezberdinen sorta, kafea, salda, arrautzak, hirugiharra, nahaskiak, etxeko pastelak, gofrea txokolateagaz...
Mikel Bastegietak eta Oier Oarbeaskoak –Momotxo tabernan urte askoan ibilitako familiakoa– azaro amaieran zabaldu zuten taberna. “Zerbait desberdina eskaintzeko gogoa geneukan. Entzun genuen Brunchak zeudela Bilbon, jendearen gustukoak zirela, eta probatzen hasi ginen. Bilbora joan ginen, Madrilera...”, esplikatu du Bastegietak. Durangon, Napozt tabernan ere egin izan dute iraganean.
Harrera ona
“Jendea oso pozik irteten da, eta batzuek errepikatu ere egin dute”, Bastegietaren arabera. Jendea gustura egotea da euren asmoa, Oarbeaskoak dioenez. “13:00ak arte lasai-lasai egon daiteke, eta gura duenak gero tabernako zerbitzuagaz jarraitzeko aukera du”, esan du.
Tabernaren barnekaldean duten jangelan eskaintzen dute Brunch zerbitzua, 20-22 pertsonarentzat gehienez, eta lekua erreserbatu egin behar da. Ekainera bitartean, seitik gorako taldeentzat ez dute lekurik dagoeneko, jateko ohitura berriak harrera ona eduki duen seinale.